HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 31

Aldi hartan, Jesus Galileako Kafarnaum hirira jaitsi zen, eta larunbatetan jendeari irakasten zion. Txunditurik zegoen jendea haren irakaspenaz, nagusitasunez hitz egiten baitzuen.

Bazen sinagogan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat, eta oihu bizian hau zioen: «Zer duk gurekin, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua».

Jesusek gogor eraso zion: «Isil hadi eta atera gizon horrengandik!» Deabruak jendartean lurrera bota zuen gizona, baina batere kalterik egin gabe atera zen harengandik.

Ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer da hau? Nagusitasunez eta indarrez agintzen die espiritu gaiztoei, eta hauek atera egiten dira».

Jesusen entzutea herrialde hartako bazter guztietara zabaldu zen.

§ Lukas 4, 31-37.

Aspalditik galdu genion deabruari beldurra. Orain, horrelakoen eskarmentu izateko egiten dituzten filmetara jo behar da. Beraz, libre gaude, ez dugu horrelako arazorik. Baina hori ere, ez: gaizki lehen eta gaizki orain.

Izan ere, ahantzi egiten zaigu deabrua eta etsaia izaki bera direla. Eta nork ez ditu bere arimaren zokoan ez bat, baizik hainbat etsai gorderik? Eta zenbatez gauden inguraturik gizartean: kultura ohituretan, giza-bizitzan, naturaren zainketan, …

Jesusek espiritu gaiztoen aurka maiz egin zuen, ez nolanahi gainera, nagusitasunez eta indarrez baizik. Aurrena, ondo zekielako pertsonak barrutik garbitu beharra izaten dugula, erroturik dauden espiritu gaiztoak lekutzeko autoritatea eta kemena beharrezkoak direlarik.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.