HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 23

Aldi hartan, honela mintzatu zen Jesus: «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Jendeari zeruetako erreinuko sarrera ixten diozuenok! Zeuek ez zarete sartzen eta sartu nahi dutenei ez diezue uzten.

Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Baten bat judu berri egiteagatik itsaso eta lehor zabiltzate eta, egin duzuenean, zeuek baino bi aldiz gehiago bihurtzen duzue infernurako.

Ai zuek, gidari itsuok! Honela irakasten duzue: “Tenpluagatik zin egiteak ez du baliorik; tenpluko urreagatik zin egiteak,ordea, behartu egiten du”. Zoro itsuok halakook! Zer da handiago, urrea ala urrea sagaratzen duen tenplua? Beste hau ere irakasten duzue:

“Aldareagatik zin egiteak ez du baliorik; aldare gaineko opariagatik zin egiteak, ordea, behartu egiten du”. Itsuok halakook! Zer da handiago, oparia ala oparia sagaratzen duen aldarea? Aldareagatik zin egiten duenak, aldareagatik eta gainean dagoen guztiagatik egiten du zin; tenpluagatik zin egiten duenak, tenpluagatik eta bertan bizi den Jainkoagatik egiten du zin; zeruagatik zin egiten duenak, Jainkoaren tronuagatik eta bertan eserita dagoenagatik egiten du zin».

 

§ Mateo 23, 13-22.

Moisesen Legea, profetek esaten dutena, Itun Berriko libururen bat edo beste, Berri Ona ere bai, irakurri ditzakegu. BAINA KONTUZ! Irakurtzean, bere benetako esanahia aldatu, eta esaten ez duena esanarazi diezaiokegu testuari.

Hori da Jesusek oraingo honetan salatzen duena, eta salaketa gogorra da: “zeuek ez zarete sartzen eta sartu nahi dutenei ez diezue uzten”. Berri Onaren azalpenak ez du balio izan behar nire husteak, edota sinesteak azaltzeko. Berri Ona irakurtzean, eta besteei azaltzerakoan, Nazareteko Jesusek izan behar du protagonismo osoa.

Gaurko ebanjelioak Berri Ona gardentasunez irakurtzera gonbidatzen gaitu, ez esaten ez duena esatera behartuz. Otoitz giroan jarri, Ebanjelioa irakurri, eta testu horrekin zer esan nahi duen galdetu Jainkoari, berak jakingo du eta gure iluntasuna argitzen.

Eta Hitza azaltzen dugunok bizi gaitezen erne, ez gaitezen gu ere Jesusen salaketaren protagonista izan. Beharbada gu ez gara zeruetako erreinuan sartuko, baina ez ditzagun ateak itxi, badaude eta sartu nahi dutenak.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.