HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 9

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin, beren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaiak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen.

Gauerdian oihu bat entzun zen: “Badator senargaia; irten zakizkiote bidera!” Jaiki ziren neskatxa guztiak, eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek esan zieten zentzudunei: “Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe duzue, badaezpada, dendara joan eta erosi”.

Baina, erostera joanak zirelarik, senargaia iritsi zen, eta prest zirenak ezteietara sartu ziren harekin. Eta atea itxi zuten.

Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, Jauna, ireki!” Baina hark erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”.

Egon, beraz, erne, ez baitakizue, ez eguna, ez ordua».

 

§ Mateo 25, 1-13.

Jesusek, parabola honen bidez, gonbidapen argi bat egin digu: erne bizitzekoa.

Gure gizartean azalean bizitzeko arrisku handia dugu. Hainbat eta hainbat mezu eta ahots entzuten ditugu. Askotan, Jesusen desio eta sentsibilitatetik urrun daude. Gure esku dago zein “ahots” entzun eta jarraitu. Ezinbestekoa da isilunea egitea eta, Izpirituarekin batera, ahots horiek bereiztea.

Neskatxa zentzudunen kriseiluek bezala, eguneroko bizitzan gure kriseiluek piztuta egon behar dute Jainkoaren erreinuaren aztarnak bilatzen eta aurkitzen jakiteko. Bizitza sakontasunean eta Jesusen moduan bizitzea ez da inprobisatzen. Horregatik, gure bihotza landu eta zaindu egin behar dugu, barnean dugun maitatzeko gaitasuna izoztuta geratu ez dadin.

Ez da nahikoa kristauak garela aldarrikatzea: neskatxa zentzugabeak ere gonbidatuak izan ziren ezkontza-jatordura, baina ez ziren sartu, kanpoan geratu ziren. Parabolak prestaturik egoteko esaten digu benetako maitasuna eta zoriontasuna bizi nahi badugu. Gutako bakoitzak aztertu eta bereizi behar du zein “olio” falta zaion. Geure buruari galdetu behar diogu zerk eragozten digun Jesusekiko atxikimendua orain guztiz betea izatea. Zer ezabatu edo sustatu behar dut Jesu Kristo edozein unetan hartzeko prest egoteko?

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.