HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 1

Aldi hartan, Jesus eta ikasleak han ez zeudela ikustean, jendea txalupetara igo eta Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila. Itsasoaz bestaldean aurkitu zutenean, esan zioten: «Maisu, noiz etorri zara hona?» Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez ezaugarriak ikusi dituzuelako, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik. Ahalegindu zaitezte, ez galtzen den janariagatik, irauten duenagatik baizik, betiko bizia ematen duenagatik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, bera egin baitu Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari».

 

Orduan, galdetu zioten: «Zer egin behar dugu, Jainkoak nahi duena egiteko?» Jesusek erantzun zien: «Hau da Jainkoak nahi duena: berak bidali duenagan zuek sinestea».

Galdetu zioten, orduan: «Zein ezaugarri egiten duzu, guk ikusi eta zugan sinesteko? Zer egiten duzu? Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan, Liburu Santuak dioen bezala: “Zeruko ogia eman zien jaten”».

Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Ez zizuen Moisesek eman zeruko ogia; nire Aitak ematen dizue zeruko egiazko ogia; zeren Jainkoaren ogia zerutik jaitsi eta munduari bizia ematen diona baita».

Orduan, haiek Jesusi: «Jauna, emaguzu beti ogi horretatik». Jesusek erantzun zien: «Ni naiz bizia ematen duen ogia; nigana datorrena ez da gose izango, eta nigan sinesten duena ez da behin ere egarri izango».

§ Joan 6, 24-35.

Elkarrizketa honek Joanen ebanjelioko elkarrizketen eredua jarraitzen du. Jendea gai baten inguruan dabilen bitartean, Jesus beste batean ibiliko balitz bezala. Jendea Jesusen bila dabil. Jesus aldiz, bere burua ezagutzera ematen, bere benetako izana ezagutzera ematen, alegia.

Jendeak ez du Jesus oraindik, seinale handi eta efektiboetatik askatu. Jendearentzat, Jesusen garrantzia bere seinaleetan datza.

Jesusek aldiz, jendea, Aitari begira jarri nahi du. “Bizia ematen” duena izango da Jesusentzat Aitarenganako bidea. Hortaz Jesusek egiten dituen seinaleak ez dira bizitza errazten dituzten horietakoak, Jaungoikoaren Erreinua gure artean dagoela adierazten dutenak baizik. Eta Erreinua gauzatu eta ikusarazteak, batzuetan bizitza zailago egiten dute. Jesusi gertatu zitzaion eran.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.