HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 20

Aldi hartan, Jesus jendeari hitz egiten ari zela, haren ama eta anaiarrebak azaldu ziren kanpoan, berarekin hitz egin nahian. Batek esan zion: «Aizu, hor dituzu kanpoan ama eta anai-arrebak, zurekin hitz egin nahian».

Jesusek, berriz, erantzun zion: «Nor da nire ama eta nor nire anaiarreba?» Eta, bere ikasleengana eskua luzatuz, esan zuen: «Hauek ditut Nik ama eta anai-arreba. Izan ere, zeruko nire Aitaren nahia egiten duena, horixe dut Nik anaia eta arreba eta ama».

§ Mateo 12, 46-50.

“Ni halako baserrikoa naiz”. Partaide garen familiak, halako identitate jakin bat ematen digu. Familia bateko kide izateak gure baitan sendotzen gaitu, baina baita besteengandik desberdindu eta aldendu ere. Familia da gizabanakoek aurkitzen dugun lehen elkartea. Agian horregatik, Ebanjelioko pasarte hau entzuten duen edonorentzat, hain harrigarria da gaur egun ere.

Abbarengan hain errotuta zuen harremanetik, Jaunak bakarrik axola duenaren uste osoa jaiotzen da Jesusengan. Jesusentzat “gu” bat gara, Aitaren Borondatea betetzea desiratzen dutenen multzoa alegia. Hori da bere sendia, Abbaren seme-alabena.

Gaurko Ebanjelioan Jesusek ematen digun giltzarri honekin, sinestunak geure buruari hau galdetzera deituta gaude. Parte hartzen dugun arlo guztietan – familia, lagun, lanbide, gizarte, ekonomia, politika, kultura, erlijioan… -, hau da gure buruari egin behar diogun galdera: “Zein da, gaur eta hemen, Jaunaren Nahia?.”  Horregatik, aitortu dugu sinestun eredu bezala Maria, Jesusen Ama, berak Yavheren Aingeruari emandako “gerta bekit zuk esan bezala” erantzunagatik. Berarekin batera, Jesusek erakutsitako otoitza esan dezakegu: “Gure Aita… egin bedi Zure Nahia…”

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.