HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 24

Jesus maltzurkeriaz nola atxilotuko zebiltzan, hiltzeko.

 K Handik bi egunera, Pazkoa eta Legamiagabeko Ogien Jaia ospatzen ziren. Apaizburuak eta lege-maisuak Jesus maltzurkeriaz nola atxilotuko zebiltzan, hiltzeko. Baina hau zioten:

S «Ez gero jaiegunean, herrian iskanbilarik izan ez dadin».

Aldez aurretik gantzutu du nire gorputza hilobirako.

 K Jesus Betanian zen, Simon lepradunaren etxean. Mahaian zegoela, emakume bat etorri zen, hartzurizko ontziannardozko ukendu usain gozodun eta garestia zekarrela. Ontzia hautsi eta Jesusi burura isuri zion. Batzuek, haserre, hau ziotsoten elkarri:

S «Zergatik horrela alferrik galdu lurrun hori? Hirurehun denarioz goitik sal zitekeen eta dirua behartsuei eman».

K Eta marmarrean ari ziren emakumearen aurka. Baina Jesusek esan zien:

† «Utziozue bakean; zergatik gogaitzen duzue? Egintza ona egin du nirekin. Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean, eta nahi duzuenean on egin diezaiekezue; baina Ni ez nauzue betiko izango. Honek ahal zuena egin du: aldez aurretik gantzutu du nire gorputza hilobirako. Benetan diotsuet: Mundu guztian barna, Berri Ona hots egingo den toki guztietan aipatuko da honek egin duena, beraren oroigarri».

Judas Iskarioteri dirua agindu zioten.

 K Judas Iskariote, Hamabietako bat, apaizburuengana joan zen, Jesus haiei eskura emateko asmoz. Horientzutean, poztu egin ziren eta dirua agindu zioten. Eta Jesus haiei eskura emateko egokiera bila hasi zen Judas.

Non da ikasleekin Pazko Bildotsa jateko tokia?

 Legamiagabeko Ogien Jaiko lehen-eguna zen, Pazko Bildotsa hiltzen zuten eguna. Ikasleek galdetu zioten Jesusi:

S «Non nahi duzu pazko-afarirako prestaketak egitea?».

K Hark ikasleetako bi bidali zituen, esanez:

«Zoazte hirira, eta ur-suila daraman gizon bat aurkituko duzue; jarrai iezaiozue, eta sartuko den etxeko nagusiari esan: “Maisuak galdetzen du non duen ikasleekin Pazko Bildotsa jateko tokia”. Hark gela handi bat erakutsiko dizue goian, jantzirik eta atondua. Prestatu hantxe behar ditugunak».

K Joan ziren ikasleak eta, hirira iristean, Jesusek esan bezala aurkitu zuten dena, eta pazko- afaria prestatu zuten.

Zuetako batek saldu egingo nau, nirekin jaten ari den batek.

 Ilunabarrean, joan zen Jesus Hamabiekin eta, mahaian afaltzen ari zirela, esan zien:

«Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau, nirekin jaten ari den batek».

K Haiek goibeltzen hasi ziren eta bata bestearen ondoren galdezka:

S «Nik ote?».

K Jesusek erantzun:

† «Hamabietako batek, nirekin plater beretik jaten ari denak. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz».

Hau nire Gorputza da.

Hau nire Odola da, itunaren Odola.

 K Afaltzen ari zirela, Jesusek ogia hartu zuen eta, bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eta eman zien, esanez:

† «Hartzazue: hau nire Gorputza da».

K Gero, edalontzi bat hartu eta, esker onezko otoitza esanez, eman zien, eta denek edan zuten bertatik. Eta esan zien:

† «Hau nire Odola da, itunaren Odola, askoren alde isuriko dena. Benetan diotsuet: Ez du gehiago ardo honetatik edango, Jainkoaren erreinuan ardo berria edango dudan eguna arte».

Oilarrak bi aldiz jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nauzu.

 K Gorazarreak abestu ondoren, Oliamendirantz atera ziren. Jesusek esan zien:

† «Guztion sinesmenak huts egingo du, honela baitago idatzirik Liburu Santuan: “Joko dut artzaina eta ardiaksakabanatu egingo dira”. Baina Ni, piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».

K Orduan, Pedrok esan zion:

S «Beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak ez».

K Jesusek erantzun zion:

† «Benetan diotsut: Gaur gauean bertan, oilarrak bi aldiz jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nauzu».

K Baina Pedrok gero eta areago:

S «Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko».

K Eta gauza bera esaten zuten guztiek.

Ikara eta larria sentitzen hasi zen.

 Getsemani zeritzan landa batera iritsi ziren, eta Jesusek esan zien ikasleei:

† «Zaudete hemen, Nik otoitz egin bitartean».

K Pedro, Santiago eta Joan eraman zituen berekin. Ikara eta larria sentitzen hasi zen, eta esan zien:

† «Hiltzeko zorian nago tristuraz; gelditu hemen eta zaudete erne».

K Eta aurreraxeago joanik, lurrean eroria, otoizka ari zitzaion Jainkoari, urrun ziezaiola ordu hura, ahal bazen. Honela zioen:

† «Abba! Aita!, Zuk guztia dezakezu; urrun ezazu nigandik edari mingots hau. Baina ez bedi egin Nik nahi dudana, Zuk nahi duzuna baizik».

K Ikasleengana joan eta lo aurkitu zituen. Pedrori esan zion:

† «Simon, lo? Ordubete ere ezin izan zara erne egon? Zaudete erne eta egin otoitz, tentaldian eror ez zaitezten: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia».

K Berriro aldendu eta otoitz egin zuen, lehengo hitz berak esanez. Eta berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten; haiek ez zekiten zer erantzun. Hirugarren aldiz joan zitzaien eta esan zien:

† «Egin lo eta hartu atseden! Nahikoa da! Iritsi da ordua: hona Gizonaren Semea bekatarien esku utzia. Jaiki, goazen, hurbil da salduko nauena».

Atxilotu eta eraman arduraz.

 K Artean hizketan ari zela, han azaldu zen Judas, Hamabietako bat; jende-taldea zetorren harekin, apaizburuek,lege-maisuek eta herriko zaharrek bidalita, ezpatak eta makilak eskuetan. Saltzaileak seinale hau emana zien:

S «Nik musu emango diodana, huraxe da; atxilotu eta eraman arduraz».

K Iritsi bezain laster, Jesusengana hurbildu eta esan zion:

S «Maisu!».

K Eta musu eman zion. Besteek heldu eta atxilotu egin zuten. Han zegoen batek ezpata atera, apaiz nagusiaren morroia jo eta belarria moztu zion. Jesusek esan zien:

† «Lapur baten bila bezalaxe etorri zarete, ezpata eta makilekin, Ni harrapatzera. Egunero zuen artean nintzen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina hala izan behar du, Liburu Santuetan idatzia bete dadin».

K Ikasleek Jesus utzi eta ihes egin zuten. Gazte bat ondoren zihoakion, soinean izara bat besterik ez zuela, eta eskua erantsi zioten; baina hark, izara utzi eta ihes egin zuen biluzik.

Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?

 Apaiz nagusiaren etxera eraman zuten Jesus, eta han bildu ziren apaizburuak, herriko zaharrak eta lege-maisuak.Jesusen ondoren joan zen Pedro, urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiekin batera eserita, sutondoan berotzen ari zen.

Apaizburuak eta Batzar Nagusi osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko; baina ez zuten aurkitzen. Asko ziren haren aurka gezurrezko testigantza egiten zutenak; baina lekukotasunak ez zetozen bat. Batzuek jaiki eta gezurrezko testigantza hau egin zuten Jesusen kontra:

S «Guk entzun diogu esaten: “Nik desegingo dut giza eskuz egindako santutegi hau eta hiru egunean beste bat eraikiko dut, giza eskuz egin gabea”».

K Baina honetan ere ez zetozen bat haien testigantzak. Orduan, apaiz nagusiak, batzarraren erdian zutik, galdetu zion Jesusi:

S «Ez al duzu ezer erantzun behar? Zer dira zure kontrako salaketa horiek?».

K Baina Jesus isilik zegoen eta ez zuen ezer erantzuten. Apaiz nagusiak berriro galdetu zion:

S «Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?».

K Jesusek erantzun:

† «Bai, Ni naiz, eta Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuinean eseria eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue».

K Apaiz nagusiak bere soinekoak urratu zituen, esanez:

S «Ba al dugu lekuko beharrik? Zeuek entzun duzue biraoa. Zer deritzozue?».

K Denek heriotza merezi zuela erabaki zuten. Batzuk listua botatzen hasi zitzaizkion eta, aurpegia estaliz, ukabilka erabili zuten, esanez:

S «Asma ezak, profeta!».

K Guardiek ere masailekoka zerabilten.

Ez dut ezagutzen zuek diozuen gizon hori!

 Pedro beheko patioan zegoela, apaiz nagusiaren neskame bat etorri zen. Pedro berotzen ikusirik, begira-begira jarri eta esan zion:

S «Zu ere Nazareteko Jesusekin ibili ohi zinen».

K Baina hark ukatu egin zuen:

S «Ez dakit zer diozun ere, ez dizut ulertzen!».

K Kanpora, atarira, irten zen, eta oilarrak jo zuen. Ikusi zuen neskameak eta han zeudenei ere esan zien:

S «Hau horietakoa da».

K Pedrok berriro ukatu zuen. Handik laster, han zeudenek ere hala zioten:

S «Bai, zu ere horietakoa zara, galilearra zara eta».

K Pedro biraoka eta madarikazioka hasi zen:

S «Ez dut ezagutzen zuek diozuen gizon hori!».

K Eta berehala oilarrak bigarren aldiz jo zuen. Jesusek esana gogoratu zitzaion Pedrori: «Oilarrak bi aldiz jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nauzu», eta negarrari eman zion.

Nahi al duzue juduen erregea askatzea?

 Eguna argitu bezain laster, apaizburuak, herriko zaharrak eta lege-maisuak bildu ziren, Batzar Nagusi osoa, eta, erabakia hartu ondoren, Jesus loturik hartu eta Pilatori eskura eman zioten. Pilatok galdetu zion:

S «Juduen erregea al zara Zu?».

K Jesusek erantzun zion:

† «Zeuk diozu».

K Apaizburuak salatu eta salatu ari ziren haren aurka. Pilatok galdetu zion berriro:

S «Ez al duzu ezer erantzun behar? Begira zenbat salakuntza egiten duten zure aurka».

K Baina Jesusek ez zion gehiago erantzun, eta harriturik zegoen Pilato. Pazko-jai guztietan preso bat askatu ohizuen Pilatok, herriak eskatzen zuena. Bazen espetxean Barrabas izeneko bat, matxinadakoan giza hilketa bat egin zutenbeste matxinatuekin batean. Igo zen jendea Pilatoren jauregira eta ohitura zuena emateko eskatzen hasi ziren. Pilatok erantzun zien:

S «Nahi al duzue juduen erregea askatzea?».

K Bai baitzekien apaizburuek bekaitzez emana ziotela Jesus. Baina apaizburuek jendea berotu zuten, Barrabas askatzeko eska zezan. Pilatok berriro galdetu zien:

S «Eta zer egin behar dut juduen errege esaten diozuen horrekin?».

K Haiek, orduan, deiadarka:

S «Josi gurutzean!».

K Eta Pilatok:

S «Zer oker egin du, bada?».

K Haiek, gero eta deiadar handiagoz:

S «Josi gurutzean!».

K Pilatok, orduan, jendeari atsegin emateagatik, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren, haiei eskura eman zien, gurutziltza zezaten.

Arantzaz egindako koroa ipini zioten buruan.

 Gudariek Gobernariaren jauregi barrura eraman zuten Jesus eta gudari-talde osoa bildu zuten. Purpurazko jantzia ipini zioten soinean eta arantzaz egindako koroa buruan. Eta agurka hasi zitzaizkion:

S «Agur, juduen erregea!».

K Kanaberaz buruan jotzen zuten eta listua botatzen zioten eta, belaunikaturik, aurrean ahuspez jartzen zitzaizkion. Nahiko iseka egin ondoren, purpurazko jantzia kendu eta bere soinekoak jantzi zizkioten. Gero, atera eta gurutzean josteko eraman zuten.

Golgota izeneko lekura eraman zuten Jesus.

 Sorotik etxerakoan handik zihoan bat, Simon Zirenekoa, Alexandro eta Ruforen aita, gurutzea eramatera behartu zuten. Golgota izeneko lekura eraman zuten Jesus (Golgota hitzak «Buru-hezur» esan nahi du).

Gaizkileen kidekotzat jo zuten.

 Mirraz nahastutako ardoa eskaini zioten, baina ez zuen hartu. Gurutzean josi zuten, eta gudariek haren jantziakbanatu zituzten, zer norentzat zotz eginez. Bederatziak ziren gurutziltzatu zutenean. Honela zioen kondenazioaren arrazoia adierazten zuen idazkunak: JUDUEN ERREGEA. Jesusekin batean bi gaizkile gurutziltzatu zituzten, bata eskuinean eta bestea ezkerrean. Honela bete zen Liburu Santuak dioena: «Gaizkileen kidekotzat jo zuten».

Besteak salbatu dizkik, eta bere burua ezin salbatu.

 Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eraginez eta esanez:

S «Hara, santutegia desegin eta hiru egunean berriro eraikiko omen zuena! Salba ezak heure burua! Jaits hadigurutzetik!».

K Era berean, apaizburuek ere, lege-maisuekin batean, burla egiten zioten, esanez:

S «Besteak salbatu dizkik, eta bere burua ezin salbatu. Mesias eta Israelgo erregea omen duk; jaits dadila orain gurutzetik, ikusi eta sinets dezagun».

K Harekin gurutzean josiak zeudenek ere irain egiten zioten.

Jesusek, deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.

 Eguerdian, ilundu egin zuen lurbira osoan hirurak arte. Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan zuen:

† «Eloi, Eloi, lema sabaktani»,

K hau da:

† «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu.

K Hau entzutean, han zeuden batzuek esan zuten:

S «Eliasi deika ari duk».

K Orduan batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion, esanez:

S «Egon, ea datorkion Elias, gurutzetik jaistera».

K Baina Jesusek, deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.

Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egingo da.

Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik beheraino. Aurrean zegoen erromatar ehuntariak, nola hil zen ikustean, esan zuen:

S «Benetan, Jainkoaren Semea zen gizon hau».

K Baziren han emakume batzuk ere, urrutitik begira; haien artean, Maria Magdalena, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome; hauek Jesusen ondoren eta haren zerbitzuan ibiliak ziren, Galilean zegoela. Baziren beste emakume asko ere, Jesusekin Jerusalemera igo zirenak.

Josek, harri bat irauliz, hilobiko sarrera itxi zuen.

 Ilunabarrean –larunbat-bezpera zen egun hura, Pazko-jairako prestaketa-eguna–, Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zen, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseilu-kide ospetsua zen, eta Jainkoaren erreinua noiz iritsiko zain zegoen. Harritu zen Pilato Jesus ordurako hila izateaz eta, ehuntariari dei eginez, aspaldi hila zen galdetu zion. Ehuntariaren argibideak jaso ondoren, gorpua eramateko baimena eman zion Joseri. Honek izara bat erosi eta, Jesusgurutzetik eraitsirik, izaran bildu zuen eta harkaitzean zulatutako hilobian ipini. Gero, harri bat irauliz, hilobiko sarrera itxi zuen. Maria Magdalena eta Maria, Joseren ama, non jartzen zuten begira zeuden.

Markos 14, 1 – 15, 47.

Goitik behera eta alderik alde hautsi zuten Jesus, kolpeka eta gorputza zulatuz. Nekaldi luzearen ondoren, ezin sendaturik geratu zitzaizkion gorputza eta bizia. Bizia kendu ziotela begi-bistakoa bazen ere, zerbaitek iradokitzen zuen bizitza harrigarria suspertzear zegoela, erabat desegindakotik beste zerbait sortzeko bidean. Jandako madariak jatuna elikatzen duen antzera. Bortizki gurutziltzatu eta suntsitutako bizitza hartatik, han ziren jarraitzaile batzuk oihartzun berezi baten ukitua sentitu zuten, harriduraz sentitu ere.

Zer-nolako hazia geratu zitzaien ereinda? Bide luze baten Promesa: hautsita geratutakoak ekar dezakeen ahalmena. Hutsean galdutako itxaropenetatik bestelako Itxaropena itzuli daitekeela. Ezintasunetik sortutako zerbait apala baina ahalmen sakonekoa.

Bere azken uneetako neke astunean, Jesusek maitasunaren ahuldadea sentituko zuen. Galduta zegoenez, nola jarrai zezakeen berak gu guztion bizia areagotzen, dena pikutara joanda bazegoen? Guztien babesle izaten saiatu zena, orain bakarrik? Nola?

Zein izan daiteke gugan horren ondorioa? Ba, Jesus bertoko bazaigu da lehenik berak maite izan gaituelako, baita irribarrerik eskaintzeko gauza ez zenean ere.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude