HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 20

Aldi hartan, Jesusek esan zien beragan sinetsi zuten juduei: «Nire hitzean irauten baduzue, egiaz nire ikasle izango zarete; ezagutuko duzue egia, eta egiak aske egingo zaituzte». Erantzun zioten: «Gu Abrahamen ondorengoak gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Nolatan diozu aske izango garela?». Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Bekatu egiten duena bekatuaren esklabo da. Esklaboa ez da etxean betiko geratzen; semea, bai, betiko geratzen da. Beraz, Semeak askatzen bazaituzte, benetan aske izango zarete. Badakit, bai, Abrahamen ondorengoak zaretela; baina Ni hil nahian zabiltzate, nire hitza ez baita zuengan sustraitzen. Neure Aitaren ondoan ikusi dudanaz mintzo naiz Ni; zuek, berriz, zeuen aitagandik ikasi duzuena egiten duzue». Haiek erantzun zioten: «Abraham dugu aita». Jesusek orduan: «Abrahamen seme bazinete, Abrahamek egin zuena egingo zenukete. Zuek, ordea, Ni hil nahian zabiltzate, eta Jainkoari entzundako egia besterik ez dizuet esan. Abrahamek ez zuen horrelakorik egin. Zuek zeuen aitak egiten duena egiten duzue». Erantzun zioten: «Gu ez gara sasikume; aita bakarra dugu, Jainkoa». Jesusek orduan: «Zuen aita Jainkoa balitz, maite izango nindukezue, Ni Jainkoagandik atera bainaiz eta etorri; Ni ez naiz neure kabuz etorria, hark bidalia baizik».

Joan 8, 31-42.

Komunikatzaile trebea zenez, Jesusek hitz eta esanekin hasten zituen harremanak, ez informazioa eta irakaspen ilustratuak emateko, baizik bere bizia eta izaera kementsutik mintzatzeko. Beretik eman nahian, mezuak erabili, hitzak abiapuntutzat hartu eta haragoko bidea proposatzea zen haren asmoa, hau da, esanen bidez jarrera berriak suspertzea. Guri ere balio diezaguke horrela ulertzea beragandik ikasi nahian jartzen garenean.

Zer-nolako jarrera aldaketa bilatzen zuen Jesusek aurreratzen zituen solasaldi eta irakaspenetan? Egiak jakitea baino egian jardutea, gizatasun berrituaz jarduteko: zuzentasuna, ontasuna, pazientzia. Zertarako? Benetan aske izateko, ahalik eta askeen. Zein motatako askatasuna? Zabalago egiten gaituena. Askatasun sakona ez da bat-batean osorik lortzen; egin beharreko bidea da. Jesusek eskaintzen duen askatasuna pausoz pausoko bidea da.

Behin eta berriro esaten zuen jarrera okerrak eta bekatuak pertsona estutu egiten zutela, zabaldu ordez. Horregatik egiazko bideetan iraun egin behar da. Maitasuna zabalduz joango gara aurrera, ez borondate hutsez. Egia eta Maitasuna dira benetako gizatasun-bidea.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude