HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 18

Aldi artan, Jesus Oliamendira joan zen. Biharamun-egunsentian, ordea, tenpluan agertu zen berriro, eta herri guztia etorri zitzaion; Jesus eseri eta irakasten hasi zitzaien. Lege-maisuek eta fariseuek adulterioan harrapatutako emakume bat ekarri zioten eta, erdian ipiniz, esan zioten Jesusi: «Maisu, emakume hau adulterioan ari zela harrapatu dute. Moisesek horrelakoak harrika hiltzeko agindu zigun legean. Zuk zer diozu?». Azpikeriaz esaten zioten hori, zertan salatu izateko. Jesus, ordea, makurtu eta atzamarrez lurrean idazten hasi zen. Baina haiek galde eta galde ari baitzitzaizkion, zutitu eta esan zien: «Zuetan bekaturik gabe dagoenak bota diezaiola lehenengo harria». Eta, berriro makurturik, lurrean idazten jarraitu zuen. Haiek, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziren, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zen, emakumea aurrean zuela. Jesusek, zutiturik, esan zion: «Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?». Hark erantzun: «Inork ere ez, Jauna». Orduan Jesusek: «Ezta Nik ere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta ez egin berriro bekaturik».

Joan 8, 1-11.

Aukera berriak eta barkamena eskaintzen saiatzen denez, Jesusi zigorrak ere aldarrikatzea eskatzen diote. Horretarako, andre bekatari bat jarri diote aurrez aurre. Ekialdeko edozein emakumerentzat egoera guztiz lotsagarrian utzi dute Tenpluan. Jesus, ordea, lurrerantz makurtu da, legea zorrozki erabiltzetik sor daitekeen gogorkeria gainditzeko fariseuei keinua eginez. Juduek legea harrizko taula bezain gogorra irudikatzen badute, oraingoan jasotzen duten erantzuna lurreko hautsari begira geratzea da. Tinkotasunaren ordez, zer agertu nahi die behatze horrekin?

Ez da azaltzen lurrean zer geratu den idatzita. Malgutasun adierazpenen bat? Gaizkia gainditzeko bideak jorratu daitezkeela? Gizakiok lur eta hauts garenez, berak barnean zerbait idatzita utziko digula iradokitzen ari ote da? Gutariko nor ez da hauts eta lur apalaren mailakoa? “Zuetan bekaturik gabe dagoenak…” Zeren, erraz ikusten ditugu akatsak besteengan. Hortaz, hurkoa epaitu aurretik, geure kontzientzia aztertu beharra daukagu. Une horretan, fariseuek alde egiteari ekin diote Jesus bakarrik utzita. Orduan emakumea hurbildu egin zaio, eta bakean joateko gomendioa jaso du.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude