HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 23

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko zeruetako erreinuan. Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Ez hil inor”, eta norbait hiltzen duena errudun izango da auzitegian. Nik, ordea, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena errudun izango da auzitegian; senideari “zoroa” esaten diona errudun izango da batzar nagusian, eta “sinesgabea” esaten diona infernuko surako errudun izango da. Beraz, zeure oparia aldarean eskaintzean, gogoratzen bazara zure senideak baduela zerbait zure aurka, utzi oparia han bertan, aldare aurrean, eta zoaz lehenik senidearekin bakeak egitera; etorri orduan eta eskaini zeure oparia. Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, harekin auzitegira zoazen bitartean, etsaiak epailearen esku jar ez zaitzan, eta epaileak ertzainaren esku, eta giltzapean sar ez zaitzaten. Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte».

Mateo 5, 20-26.

Jesusen arrastoei zehatzago edota hurbilago jarrai nahi dutenei, beti, pauso bat gehiago, haratago eskatzen zaie. Jesusek ondo daki fintzeko beti aukera dagoela. Eta, hain zuzen, Jesusek, Aitaren izenean eta izanean, gaurkoan ere horixe adierazten digu eta gure eskuetan uzten: “Entzuna duzue… Nik, ordea, hau diotsuet…”. Ordura arte entzundakoa ona da, baina Jesusek hitz hobe bat, goi mailakoa eskaintzen digu, eta ekintza edo jarrera txikiena blaitu behar duena, gainera: kontzienteki bestea haserrearazten duena, besteari “zoroa” edota “sinesgabea” esaten diona… erruduna da. Eta, hori, opariekin ez da konpontzen; baizik eta, elkarren artean hitz eta bakeak eginez. Jarrerak eta ekintzak batera joan behar dute; eta gero eta gehiago elkartu behar dira, bestela etengabeko itxurakerian eror gintezke. Eta, hori, Jesusek gogor salatzen du. Orduan, lege-maisuak eta fariseuek izan ziren, besteei esan eta beraiek betetzen ez zutenak; gaurkoan, gu izan gintezke. Zintzotasunez bateratzen eta fintzen ari dira nire jarrerak eta hitzak, eta ekintzak?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude