HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 22
Aldi hartan, Jesusek parabola bat kontatu zion jendeari, Jerusalemdik hurbil baitzen eta jendeak Jainkoaren erreinua une batetik bestera azalduko zela uste baitzuen: «Handiki bat urrutiko lurralde batera joan zen, errege-izendapena hartzera, gero itzultzeko. Bere zerbitzarietako hamarri dei egin eta ontzako urre bana eman zien, esanez: “Saiatu etekina ateratzen, ni itzuli bitartean”. Baina herritarrek gorroto zuten eta mandatariak bidali zituzten ondotik, esatera: “Ez dugu hori errege nahi”. Errege-izendapena harturik itzuli zenean, deiarazi zituen dirua banatu zien morroiak, bakoitzak zer irabazi zuen jakiteko. Aurkeztu zen lehenengoa eta esan zuen: “Jauna, zure ontzakoak hamar halako eman du”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi ona! Gauza gutxian leial izan zarenez gero, hartzazu hamar hiriren agintea”. Joan zen gero bigarrena eta esan zuen: “Jauna, zure ontzakoak bost halako eman du”. Honi ere nagusiak esan zion: “Hartzazu bost hiriren agintea”. Joan zen beste bat eta esan zion: “Jauna, hemen duzu zeure ontzakoa; zapian bildua eduki dut. Beldur nizun, gizon gogorra zarelako, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen duzuna”. Nagusiak, orduan: “Heure esanetik kondenatzen haut, morroi gaizto hori! Bahekien gizon gogorra naizela, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen dudana. Nolatan ez duk, bada, nire dirua bankuan jarri? Horrela, itzultzean, bere interesekin jasoko nian”. Eta han zeudenei esan zien: “Ken iezaiozue ontzakoa, eta eman hamar dituenari”. Haiek erantzun zioten: “Jauna, lehen ere baditu hamar ontzako”. Eta nagusiak: “Hara nik esan: Duenari eman egingo zaio; ez duenari, berriz, daukan apurra ere kenduko. Eta errege nahi ez ninduten etsai horiek, ekarri hona eta hil itzazue nire aurrean”». Hitz hauek esan ondoren, Jesusek Jerusalemgo bidean gora jarraitu zuen denen aurretik.
Lukas 19, 11-28.
Jabea kanpora joateko dela eta, morroiari dirua eta ondasunak kudeatzen uztea ez da gaur egungo ohitura. Parabolatik, ordea, ondoriozta genezake Maisuak Erreinuaren eraikuntza gure partaidetzaz gauzatu nahi lukeela. Jarraitzaile bezain ekintzaile leialak izatea iradokitzen digu, eskuzabaltasunaren logikara premiatuz.
Gure hurbilean nabaritzen ditugun betebeharrak gure gain hartuz eta onbidetik jarduteak dakarren zuzentasuna izango da erabateko saria.
Egin dezakegun edozer da eraginkor eta emaitza-bide. Hortaz, kontuz jardutea dagokigu. Zeren, ia ziur, beste norbaitengan eragina eta arrastoa uzteko ahalmena dugu. Baita ekintza-bide txikienetan. Hauetan eta handietan leial aritzean egiaztatuko da gure izatea.
Baina horren prestaketa barne-labean eta norberekiko leialtasunean mamitzen da. Barnekotasuna eta zintzotasuna lantzearen garrantzia ahaztezina zaigu.
Barnenetik trebatuko gara pazientziaz aritzeko, irekitasuna sustatzeko, aurreikuspenei konfiantza gehitzeko… Horrelako olioa beharrezko zaigu hainbat tresna/egoera/ harreman arintzeko. Batez ere, Jainkoa kanpora joana ote den zalantzati garenean.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments