HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 7

Aldi hartan, Jesusekin mahaian zegoen batek esan zion: «Zorionekoa Jainkoaren erreinuko otorduan parte hartuko duena». Orduan, Jesusek esan zion: «Gizon batek afari handi bat eman zuen eta jende asko gonbidatu. Afarirako ordua iritsi zenean, morroia bidali zuen gonbidatuei esatera: “Zatozte, prest dago dena”. Baina bata bestearen ondoren aitzakiak jartzen hasi ziren denak. Lehenengoak esan zion: “Soroa erosi dut, eta ikustera joan behar dut; barkatu, arren”. Beste batek, berriz: “Bost idi-pare erosi ditut, eta probatzera joan behar dut; barkatu, arren”. Eta hurrengoak: “Ezkondu berria naiz eta ez naiteke joan”. Itzuli zen morroia eta guztiaren berri eman zion nagusiari. Etxeko nagusia biziki haserretu zen eta esan zion morroiari: “Hoa bizkor herriko plaza eta kaleetan barrena, eta ekarri behartsu, elbarri, itsu eta herrenak”. Geroago, morroiak esan zion: “Jauna, egin dut agindu duzuna, eta oraindik bada lekurik”. Orduan, nagusiak esan zion : “Hoa bidez bide eta bazterrik bazter eta sarrarazi jendea barrura, etxea bete dakidan. Egia esan, gonbidatu haietako batek ere ez du nire afaria dastatuko”».

Lukas 14, 15-24.

Askotan sentitzen dugu ez garela denetara iristen. Betebehar eta zereginen zurrunbilo honetan, maiz, eliza-inguruneetatik gonbidapenak iristen dira zerbitzu, otoitz, boluntario gisa, ospakizun eta abarretan parte hartzeko. Erruz gustatuko litzaiguke, baina ezin dugu oso lanpetuta gaudelako! Ezin ukatu hau.

Gaur irakurri dugun pasartean, Jesusek hiru gauza esaten dizkigu: bata, otordurako gonbidapenaren aurrean, pertsona batzuek aitzakia batekin erantzuten dutela, santua, baina aitzakia; bigarrena, gonbidapena onartzen duten pertsonak daudela; eta, azkenik, oturuntzak aurrera jarraitzen duela, nahiz eta lehenengoak ez joan.

Ebanjelio honek ez gaitu ezertara gonbidatzen. Jainkoaren plan salbatzailean parte hartzeko gonbidapena onartzea gure esku dagoela jakinarazten digu; gurekin edo gu gabe, Jainkoa temati ari da guretzat duen plan salbatzaile horretan. Animatu gaitezen Jainko Aita eta Amaren otordura hurreratzen!

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude