HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 29

Aldi hartan, Jesusek saduzearrak hitzik gabe utzi zituela jakitean, elkarrekin bildu ziren fariseuak, eta haien arteko legegizon batek azpikeriaz galdetu zion Jesusi: «Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?». Jesusek erantzun: «“Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz”. Hau da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena horren parekoa da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala”. Bi agindu hauetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak».

Mateo 22, 34-40.

Mateoren Ebanjelioan, oro har, oso garrantzitsua da legea betetzea. Baina, aldi berean, abilezia handia dauka legea interpretatzeko unean eta, gutxien espero denean, legearen zirrikituak deskolokatzeko erabiltzen ditu dotoreziaz, batez ere, azpikeriaz edota norberaren interesaren bila dabiltzanen aurrean. Hala gertatzen da gaurkoan. Ez zaigu gozoa gertatzen eztabaida mamitsu baten aurrean, arrazoi sendoak medio, menderatuak sentitzea. Ez orduan -saduzear eta fariseuen aurrean-, ez eta orain. Eta, gure barneko espiritua fin ez badabil, edozein une da egoki kontrakoak garaile ateratzeko. Baina Jesus, azkarra baino azkarragoa da, oso garbi baitauka zein den legearen mamia: pertsona bere osotasunean, bizia izan dezan eta bizi ugaria. Hori da Jainkoaren ametsa, eta arrasto horri jarraitzen dio legeak. Eta, une askotan, hankaz gora jar gaitzake: legeak ez du zentzurik bizi gehiagorako aukera bihurtzen ez bada. Bi uneak, parekoak: teoria eta praktika. Eta batak bestea aberasten du, osatzen du; batak besterik gabe, zentzu gutxi. Zein da nire baitan sortzen den maitasun galdera?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude