HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 25

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Hartu gogoan hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko den jakingo balu, ez luke etxea zulatzen utziko. Egon prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea». Pedrok galdetu zion: «Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?». Jaunak erantzun: «Izan zaitezte etxezain leiala eta zentzuduna bezalakoak, nagusiak, bere orduan behar den janaria banatzeko, morroien buru ipini duena bezalakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu! Benetan diotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko du. Baina morroia, nagusiak luzatuko duelakoan, morroi-lagunak eta neskameak jotzen eta jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, gogor zigortuko du eta desleialek merezi dutena emango dio. Nagusiaren nahia zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen edo egiten ez dituen morroiak zigor gogorra izango du; nagusiaren nahia zein den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; eta askoren kargua eman zitzaionari, are kontu handiagoa eskatuko».

Lukas 12, 39-48.

Atzokoaren arrastotik dator gaurko Ebanjelioaren mezua, baina azalpenen ondorioa askoz ere zorrotzagoa da. Noski, badirudi Pedro besteak baino hobea sentitzen dela, eta, badaezpada, gauzak garbi utzi nahi ditu: “Jauna, guretzat ala denentzat da parabola hura?”. Jesusek bere jarraitzailearen ironia hautemanik, horregatik ere, ohartarazpen gordina egiten dio, dagoeneko, modu xumean ez baldin bagara jakinaren gainean sentitzen: “Asko eman zitzaionari eta askoren kargua eman, asko eskatuko zaio eta kontu handiagoa eskatuko”. Oraingoan, bai, Pedrori pentsatzeko kontua oso garbi geldituko zaio. Ez da nahikoa Jainkoaren hitza entzutea, arauak betetzea, itxurak zaintzea… Behin eta berriz, eman zaigun horretan exijentzia eta gorputz eta arima aritzea, prestutasunez, leialki eta zentzunez jokatuaz, “Zorionekoak” izan gaitezen. Ez dadin gerta, ustean gelditurik, gure bizitzako etxea zulatua gertatzea. Bizitzako nire galderak nolakoak dira?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude