HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 1

Aldi hartan, Jesus Kafarnaum herrian sartu zelarik, erromatar ehuntari bat etorri zitzaion, arrenka esanez: «Jauna, elbarri eta oinazetan dago nire morroia etxean». Jesusek esan zion: «Joan eta sendatuko dut». Baina ehuntariak erantzun zion: «Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esazu hitz bat eta sendatuko da nire morroia. Nik ere, neu besteren mendean egon arren, soldaduak ditut neure mendean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zerbait egiteko esan, eta hala egiten du». Hori entzunik, harritu egin zen Jesus eta ondoren zetozkionei esan zien: «Egia esan, Israelen ez dut inorengan aurkitu horrenbesteko sinesmenik. Eta hau diotsuet: Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta zeruetako erreinuko mahaian eseriko dira, Abraham, Isaak eta Jakobekin; erreinuaren oinordeko zirenak, berriz, kanpoko ilunpera botako dituzte; han izango da negarra eta hortz-karraska!». Ondoren, ehuntariari esan zion: «Zoaz, eta gerta bekizu sinetsi duzun bezala». Eta ordu hartan berean, sendatua gertatu zen morroia. Gero, Pedroren etxera joan zen Jesus, eta haren amaginarreba oheratua aurkitu zuen sukarraz. Hartu zuen Jesusek eskutik eta sukarrak alde egin zion; orduan, emakumea jaiki eta zerbitzatzen hasi zitzaien. Arratsean deabrudun asko eraman zioten Jesusi, eta honek deabruak bere hitzez bota eta gaixo guztiak sendatu zituen. Horrela bete zen Jainkoak Isaias profetaren bidez esana: «Hark bere gain hartu zituen gure ahuleriak, eta gure gaitzak eraman».

Mateo 8, 5-17.

Egoera gehiegi gertatzen dira gaurko Ebanjelioko zatian, lerro labur batzuetan mezu eder eta aberats bat jasotzeko. Baina zerbait adierazgarria azpimarratzeko hiru kontaketa elkartuz, hauxe izan daiteke: Jesusen Jainkoak deskolokatzen gaitu; Jesus ziurtasunak apurtzen trebea eta azkarra da; Jesus egiazko arnasbide da. Esan diezaiotela bestela gaurko ehuntariari -susmagarri bat-, Pedroren amaginarrebari -emakumea eta ohean gaixo- eta deabrudun/gaixo guzti haiei -guztiz baztertuak-. Denak, modu batera edota bestera, sendatuak dira; duintasuna berreskuratzen dute; makaltasunetik altxatuak dira. Norbera (emakumea eta gaixoak) edota besteak (ehuntariaren morroia). Zein ederra, Jesusen bizitzazko mezutik abiaturik, besteentzat arnasbide, sendagile, bizi-emaile izatea, keinu, hitz, jarrera txikiekin soilik -bitartekari izanez, eskua emanez, hitz bizigarriak esanez-. Bizitzan, eta besteekiko, bereziki, ba al dauzkat bizitzazko keinu txikiak?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Ni testu honetan, ehuntarien hitzekin geratzen naiz. Ehuntariaren hitz hauek, benetako kristau bat en izaera islatzen dute: umiltasuna, errukia eta fedea. “Ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko” : hitz hauetan umiltasuna dago. Nahiz eta, ehuntariak badituen zerbitzariak bere gain, gizartean estatus maila altu baten adierazle, Jaunaren aurrean burua makurtzen du. “baina esazu hitz bat eta sendatuko da nire morroia”: hitz hauetan errukia dago. Jesusen bila irteten da ez bere burua salbatzera, baizik eta bere morroiaz errukituta. Badaki Jesusek bakarrik senda dezakeela bere morroia, hor bere fedea. Jesus txunditu egiten da ehuntariaren jokaerarekin eta hitzekin eta berak eskatutakoa bete egiten du.
    Kristauok askotan jotzen dugu Jesusengana laguntza eske. Jesus beti dago laguntzeko prest, baina kontua da zer eta nola eskatzen dugun. Zer dagoen eskaera horren atzean. Testu honetan ondo adierazten da, Jesusek zer nahi duen guregandik.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude