HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 29

Aldi hartan, Jesusek, Filiporen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien ikasleei: «Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?». Haiek erantzun: «Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat». Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor naizela diozue?». Simon Pedrok erantzun zuen: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea». Orduan, Jesusek esan zion: «Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta hau diotsut Nik: Zu Pedro zara –harkaitza−; harkaitz horren gainean eraikiko dut Nik neure Eliza, eta Herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emango dizkizut: zuk mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan ere askatua».

Mateo 16, 13-19.

Liturgikoki, egun honetan, Pedro eta Paulo santuen eguna ospatzen da. Eta biak batera izateak bere mezua azaltzen digu. Paulok uzten diguna, batez ere da, bizitzan zintzotasunez bila bagabiltza, behintzat, bihotz aldaketa hori gutxien espero dugunean gerta daitekeela; Pedrok, berriz, bihotz aldaketa hori zaindua eta sendotua izan behar duela, Jesusek gaur jartzen digun galdera batek lagunduaz: “Eta zuek, nor naizela diozue?”. Ez da nahikoa egun bateko lilura; eta ez da nahikoa, ezta ere, besteek diotena. Ez. Norberarengan bizipenak eta mezuak haragi hartu behar dute. Ze, horren arabera, galderei bizitzazko erantzuna eman diezaiekegu, eta, agian, Jesusengadik Pedrok jaso zuen erantzuna geuretzat ere baliagarria daiteke: “Zu Pedro zara -harkaitza-; harkaitz horren gainean eraikiko dut…”. Bizitza, gizartea eraikitzeko pertsonak sendoaren beharra; zure eta nire beharra. Ze galderek mugitzen naute? Zer eraiki nahi dut nik?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude