HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 26

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez gaitzetsi inor, Jainkoak zuek gaitzetsi ez zaitzaten. Izan ere, zuek besteak nola epaitu, hala epaituko zaituzte Jainkoak; eta zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak. Nolaz ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta ez zara zeure begiko habeaz ohartzen? Eta nola esan diezaiokezu senideari: “Uztazu zeure begitik lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean habea duzula? Itxurazale hori! Atera lehenik zeure begitik habea, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko».

Mateo 7, 1-5.

“Nolaz ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta ez zara zeure begiko habeaz ohartzen?”. Neure baitan, une askotan, behin eta berriz, galdera hau ibili dut, hobeto edota egokiago ulertu nahian; nola zuzendu bere eta nire begiaren arteko lasto-izpia eta habearen arteko alde hori? Bueltak eta bueltak ematen, une batean, jabetu nintzen gakoa hementxe zegoela: ezinezkoa gertatzen zitzaidala senidearen begiko lasto-izpia ikustea, neurean, habearen ondorioz, argi gutxi zegoelako senidearen begian horrelako gauza txiki bat ikusteko. Eta, horregatik, bere lasto-izpia neure habearen isla bezala ikusten nuen. Hor ulertu nuen, lehenengo neure begiak sendatu behar nituela; hau da, begiak lausotzen zidaten habeak murriztearen edota argaltzearen beharra. Harrez geroztik, neuregan galdera hau oso presente daukat: “Nola ikusten duzu bestea?”. Eta, horretarako: Zerk laguntzen dizu? Zerk oztopatzen dizu? Eta, gero, gerokoak.

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Niri testu honetan Jesusek autokritikara eta autoezagutzara gonbidatzen nau. Beti esan ohi da kanpokoa konpontzen hasi aurretik norberaren etxetik hasi behar dela. Gizakia beti dago kanpora begira, barrura begiratzea zailagoa delako, orrek ezinak, pekatuak… onartzea eskatzen duelako. Baina Jainkoaren billa dabillenak barrutik hasi behar du, bihotzetik. Horra, bihotzera eraman nahi gaitu Jesusek bere ikasketekin. Bihotz garbi batetik ateratzen direlako besteenganako maitasunezko ekintzak.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude