HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 31

Aldi hartan, juduek berriro harriak hartu zituzten Jesusi harrika egiteko. Jesusek esan zien: «Egintza on asko egin dut zuen aurrean Aitaren izenean; horietako zeinengatik egin nahi didazue harrika?» Erantzun zioten: «Ez zaitugu egintza onak egiteagatik harrikatu nahi, birao egiteagatik baizik; gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten duzulako». Jesusek erantzun zien: «Ez al dago idatzirik zuen Liburu Santuan: “Nik esan dut: Jainko zarete”? Beraz, Jainkoak “jainko” esaten die bere hitza zuzendu zienei, eta Liburu Santuak esana ukaezina da. Nolatan diozue, bada, nik, Aitak sagaratu eta mundura bidali nauen honek, birao egiten dudala, Jainkoaren Seme naizela esateagatik? Nire Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinetsi niri; baina egiten baldin baditut, niri sinesten ez badidazue ere, sinetsi egintzei. Horrela, behin betiko jakingo duzue Aita nigan dagoela eta ni Aitagan». Berriz ere atxilotu egin nahi izan zuten, baina ihes egin zien eskuetatik. Berriro Jordanez beste aldera joan zen Jesus, garai batean Joan bataiatzen ari izan zen lekura. Han gelditu zen aldi batez, eta jende asko joaten zitzaion. Hau zioten: «Joanek ez zuen ezaugarririk batere egin, baina hark honetaz esan zuen guztia egia zen». Eta han askok sinetsi zuten Jesusengan.

Joan 10, 31-42.

Bigarren aldia zen denbora gutxian judutarrak Jesus harrikatzeko prestaketetan zebiltzala, lehen Txabolen Festan asmo bera piztu zitzaien bezala. Harriak ez ziren nolanahikoak, agian marmolezkoak, lan publikoetarako lurrean prest zeudenak. Etsipena behar da lurzorutik harriak marraskatu eta ateratzeko!

Baina entzuten ari ziren hitzak biraolari edo profeta faltsu batenak zerizkioten, nor eta herritar bat Jainkoaren izaera berekoa zela aitortzen zebilelako. Horrela izatekotan epaitzera eraman beharko zuten. Baina honelako aldarrikapena entzuten ziotela bigarren aldia zenez, erantzun trinkora zihoazen: talde erasoan hizlariaren aurka asaldatu eta hura harrikatu.

Lehenengo aldian Jesus ezkutatu egin zen, oraingoan ongi moldatutako galdera jaurtitzen die. Jesusen hitzen eraginez gelditu egin ziren, erasotik elkarrizketara biratzea lortuz.

Nola lortu zuen erasoa apalduta uztea? Beren haserrearen zergatia ulertu eta barnean pizten zitzaien deserosotasuna mintzagai aurkeztu zielako. Une hartan Jesusen jarduera eztabaidagarriak burutik kendu ezin bazituzten, berak egindako ekintza onaz –edo laudagarriaz– mintzatu zitzaien. Moralki onak zirela azalduz, zorroztasun morala baretu zien.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Erasotik elkarrizketara…

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude