HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 3

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Jainkoaren nahia legemaisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko zeruetako erreinuan. Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Ez hil inor”, eta norbait hiltzen duena errudun izango da auzitegian. Nik, ordea, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena errudun izango da auzitegian; senideari “zoroa” esaten diona errudun izango da batzar nagusian, eta “sinesgabea” esaten diona infernuko surako errudun izango da. Beraz, zeure oparia aldarean eskaintzean, gogoratzen bazara zure senideak baduela zerbait zure aurka, utzi oparia han bertan, aldare aurrean, eta zoaz lehenik senidearekin bakeak egitera; etorri orduan eta eskaini zeure oparia. Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, harekin auzitegira zoazen bitartean, etsaiak epailearen esku jar ez zaitzan, eta epaileak ertzainaren esku, eta giltzapean sar ez zaitzaten. Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte».

Mateo 5, 20-26.

Senidearen garrantzia, senidea maitatzearen erantzunkizuna azpimarratzen zaigu gaurkoan. Zerbait gehiago, oraindik, Jesusen bizitza estiloa erakargarri egiten zaigunoi eta jarraitzeko gonbitea luzatu zaigula sentitzen dugunoi. Ze, Jesusen mezuari bizitzan leku egiteak, beti pauso txiki bat gehiago eskatzen du. Pausuz pausu, arduraz eta erantzunkizunez, bidean aurreratuz. Horrek ez du inor bestea baino hobea bihurtzen, baizik eta bizitzea eman zaionari jarrerak aldatzen joatea eskatzen dio: “…Entzuna duzue… Nik, ordea, hau diotsuet…”. Eta hortik bizitzako jarrerak sor daitezke: bakezko bideak, konponbideak aurkitzeko gogoa, ez inor deskalifikatzea, bestearen balioa gorestea, hitz onak eta ekintza zehatzak bateratzea. Beraz, Mateok gaur besteekiko geure begirada, bihotza, jarrerak… zabaltzera gonbidatzen gaitu, geure zilborrari begira gelditzeak dakarren pobretasunetik eta iluntasunetik askatuz. Ba al dakigu ohiko eskemetatik ateratzen neuregan eta besteengan bizitza gehiago ereiteko edota sortzeko?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude