Bizitzaren irudi bizia

2023 Ots 6

Alcarrás (Carla Simón, 2022)
Hizkuntza: katalana.
Urrezko Hartza Berlinale Nazioarteko Zinemaldian.

Solé familia nekazariaren bizibide izan den mertxikondoz beteriko lur saila eguzki plakek okupatuko dute aurki. Halaxe jakinarazi die jabeak eta, horrenbestez, azken uzta izango dute aurtengoa. Film zoragarri honek Solé familiaren bizitzan egun gutxi batzuen lekuko bihurtuko gaitu eta elkarte horretako harreman, konplizitate eta gatazkak modu xume eta errealistan ikusaraziko dizkigu. Pertsonaia bakoitzak duen benetakotasun izugarriaz baliaturik, filmak gizatasunaren irudi bizi eta iradokitzailea eskaintzen digu: pertsonen zaurgarritasuna, etorkizunaren aurrean beldurra, belaunaldien arteko harremanak, gazteen arteko genero desberdintasunak, elkarrekiko maitasuna, burugogorkeria eta okerrak barkatzeko duten gaitasuna… guztia gaur egungo Lleidako baserri giroaren deskripzio naturalista baten baitan, eta, diskurtso ideologikorik gabe, ekonomiaren logikek komunitateetan eta kulturetan duten eraginaz ausnartzeko balio dezekeen film ederrean.

Adi erlijioaren ausentziari. Ez dago fede kristauaren aipamenik ere: ez da elizik ageri, ez apaizik, ez otoitzik, ez ezer. Hamarkada batzuk lehenago kokatua egon balitz filma, oso desberdina izango litzateke seguraski. Bada eszena esanguratsu bat; ez du trama naguasiarekin zerikusirik, detailetxo bat da: mertxikondoetan untxi plaga bati aurre egiten diote eta untxiak eskopetaz hiltzen aritu dira aitak semeak. Hildako untxi bat topatzean, familiako alaba txikia aurrean geratzen da, begira-begira, zer egin jakin gabe, heriotzarekin aurrez aurre, erabateko desanparo espiritualean. Melokotoien bilketan lan egiten duen afrikar etorkin batek erakutsiko dio eskua untxiaren gorpuan jarri, erlijio zahar bateko otoitza ahoskatu eta eskua bihotzera eramanez errituala burutzen. Beranduago, halaxe ikusiko dugu haur maitagarria Afrikako otoitza hildako untxiei han eta hemen eskaintzen, heriotzak aitorpena eta exortizazioa merezi dutela afrikar gizonarengandik ikasita. Familiako gainontzeko kideek ez dute horretarako astirik ez eta beharrik, bizitzen jarraitzen dute, gizatasun osoarekin esango nuke, heriotzik egongo ez balitz bezala, bestelako zentzurik beharko ez balute bezala…

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude