Otoitz isila… eta gehiago

2023 Urt 23

Aspaldi modan jarri da hitzik zein pentsamendurik gabeko kontenplazio edo otoiz isila; ‘Zen’ modukoa, kasu. Ez da gaurko asmakizun bat, ezta sinestun batzuen otoiz berezi bat. Agnostikoak eta ateoak ere kontenplazio isilean aritu eta aritzen dira gero eta sarriagotan. Eta sinestunok zein ez sinestunek  pertsona askoren aritze horretatik sortutako ekarpen baliagarriak aprobetxatu behar ditugu.

Tanquam centrum circuli deritzon olerki eder honetan kontenplazio isilerako urrats batzuk ezin ederkiago azaltzen dizkigu Jose Angel Valente olerkaria: lehenik, eguneroko kezka zein zarata isilaraztea; ez bortizki, hodei beltzak zeruan zehar igaro diren erritmora bezala baizik: Gerizpetako korridore argitsuak irekitzen zaizkigu gure baitan. Gero, lasai-lasai giza misteriorantz barneratzea: Poliki-poliki jaisten gara haren argi geldoan zehar gauaren erraietaraino. Jarraian, otoiz isilaren dohainez ohartu eta haiexek dastatzea: Oina jarri nuen barneratzerik ez dagoen leku batean, itzuli nahi bada, behintzat; eta azkenean: kontenplazioan murgiltzea edo San Joan Gurutzekoak adierazi zigun bezala Juge Conviviumean, Jose Angel Valentek ezin  ederkiago azaltzen diguna: Entzute amaigabea baino ez da aditzen. Izan ere, giza ahaleginak ahalegin, otoitz  egitean, Jainkoa beti aurreratu egiten zaigu: Se oye tan solo una infinita escucha.

J. A. Valentek ‘kietismoa’ miretsi zuen eta otoitzaren azken etapaz (gizakien minarekiko konpromiso sendatzaileaz, alegia) ahaztu zen, San Pedro bezala Tabor mendiko antzaldatzean: Maisu, zein ederki gauden hemen. Egin ditzagun hiru etxola (Mk 9,5).  Jesusek, haatik: Zutitu zaitezte… (Mt 17,7) eta, menditik beherakoan, mutiko epileptikoa sendatu zuen (Lk, 9,42). Nazaretekoaren etxeko marka.

Tanquam centrum circuli

Gerizpetako korridore argitsuak
irekitzen zaizkigu gure baitan.

Poliki-poliki jaisten gara
haren argi geldoan zehar
gauaren erraietaraino.

Ilunpeetako izpia.

Haren muineraino jaitsi nintzen;
oina jarri nuen
barneratzerik ez dagoen leku batean,
itzuli nahi bada, behintzat.

Entzute amaigabea baino ez da aditzen.

Neure baitatik jaitsi nintzen
zure muineraino, ene Jainko;
inork ikusi ezin dezakeen
Zure aurpegiraino;
argiaren eztanda itsugarri eta ilun honetan
baino agertzen ez den aurpegi horretaraino.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude