HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 20

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar, Nik maite izan zaituztedan bezala. Ez du inork maitasun handiagorik, bere bizia adiskideen alde ematen duenak baino. Zuek nire adiskide izango zarete, Nik agindua betetzen baduzue. Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiak zer egiten duen; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazi didan guztia adierazi baitizuet. Ez ninduzuen zuek aukeratu Ni, Nik aukeratu zintuztedan zuek, eta eginkizun hau eman dizuet: fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela edonon; horrela, Aitari nire izenean eskatuko diozuen guztia emango dizue. Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar».

Joan 15, 12-17.

Nola aurkitu, nondik jaso, non dastatu Jainkoaren maitasuna? Ez zuzenean Jainkoagan, ez Jesusengan mugitu gabe geratuta, baizik besteei eskaini diezuna “itzultzen” ari dizula harrituta uzten zaituen erdi-betetasun horretan. Aske eman zenuen maitasun zabal eta zintzoa aurretik usteko ez zenuen oihartzun gisa sartu eta geratu zaizu zeure baitan. Leuna ala ez, behintzat “sakonean errotua” sentitzeko modukoa.

Hau da nire agindua…” Elkar maitatzeko deia “agindu” gisa aurkezten da, ez eskari edo gonbita bezala. Gainera, aginduen agindutzat azaldua, beste guztien gainetik, Jesus legegile gorena balitz bezala. Baina maitatzera ezin behartu, ezta aginduaren zama jarri ere; lantzea, bide nagusitzat hartzea, benetako hautua egitea…, ordea, geure baitari botatzen badizkiogu, bultzagarri gerta dakiguke “agindutzat” eskatu zaiguna.

Eskakizunean hitz garrantzitsuena “maitatzea” da. Gakoa hortik doa. Zergatik horren sarbide trinkoa? Sentsibilitatea akuilatu egin nahi digulako. Eta zertarako? Geure onbidearen ateak besteen alde irekitzeko, besteak maitagarritzat hartuz. Esan gabe uzten badu ere, izatekotan maitasun sakona izan dadila.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.