HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 13

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez izan kezkarik; sinetsi Jainkoagan eta sinetsi nigan ere. Nire Aitarenean bizitoki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, Ni nagoen tokian zuek ere egon zaitezten. Zuek badakizue Ni noan tokirako bidea» Tomasek esan zion: «Jauna, ez dakigu nora zoazen, eta nola jakin bidea?» Jesusek erantzun: «Ni naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik».

Joan 14, 1-6.

Gertakizun mingarrien bezperan, Jesusek argi zuen laster joan beharko zuela. Ez zen, Judas tartekari zela, egiten ari zitzaizkion saldukeriaz kexatzen. Ikasleak, bestalde, Jesus maisua behin betiko agurra ematen ari zitzaiela sentitzean, eurak ere ez ote ziren jazarriak izango beldurrez zeuden.

Ba, jarraitzaileen antsietateaz jabetuta zinez esaten die ez direla hutsean geratuko. Ez daitezela beldurrari besarkatuta geratu. Bera desagertuta ere biderik izango dela. Taldean hasitakoa aurrerantzean beraien esku utziko diela. Ez dio hainbeste begiratzen zelako prestakuntza maila duten; kemena eta konfiantza jartzen dizkie oinarri gisa. Egoera ezezagunetan jardutea egokituko zaie, eta errealitatea desberdin eraikitzea izango da euren lana.

Geuk ere erraz etsigarritzat hartzen ditugu zailtasunak. Ziurgabetasunek kuzkurtzen gaituzte oinak jartzen ditugun horretan pentsatzen baitugu. Geroa ezezaguna izateak ez gaitzala oraingoa kateatu bizitzak beti ekarriko baitu zerbait, iluntasuna dakarrela dirudienean ere.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.