HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 28

Aldi hartan, Jesusek esan zion Nikodemori: «Goitik datorrena denen gainetik dago. Lurretik sortua lurrekoa da eta lurrekoaz mintzo da. Zerutik datorrena denen gainetik dago; ikusi eta entzun duena aitortzen du; baina haren aitormena ez du inork onartzen. Haren aitormena onartzen duenak Jainkoak egia dioela baieztatzen du. Izan ere, Jainkoak bidali zuenak Jainkoaren hitzak esaten ditu, neurririk gabe ematen baitio bere Espiritua. Aitak Semea maite du, eta haren esku jarri du dena. Semeagan sinesten duenak betiko bizia du; baina Semeagan sinesten ez duenak ez du bizia ikusiko, baizik eta Jainkoaren haserrea du gainean».

Joan 3, 31-36.

Inoiz monopoliorik izan badu, Elizak bizi-ereduen merkatu sozialean galdua duela ziurtatu dugun garai honetan, eskaintza ugarirekin topatzen gara. Bizi-eredu horiek era askotakoak dira; hala nola, komunitatearen aurrean gizabanakoak duen autosufizientzia eta nartzisismoa aldarrikatzen duena, ondasun partikularraren zentraltasuna guztion ongiaren aurretik jartzen duena, materialismo desberdinak, haragiztatu ezin diren espiritualtasunak, ñabardurarik onartzen ez duen erlatibismoa, eta abar.

Gaurko Ebanjelioak Jesus Jainkoaren Semea dela aldarrikatzen du. Jesus da Jainkoa ikusi eta entzun duena, horregatik Haren hitza egiazkoa da eta mundura bidalia izan da. Jesu Kristorengan sinesten duenak betiko bizitzan parte hartuko du, baina ilunpean jarraitu nahi duenak ezingo du.

Beste bideek sortzen dizkiguten bidegurutzeen aurrean, Jesu Kristorengan fedea mantentzera gonbidatuta gaude, Harengan bakarrik baitago egiazko bizitza: maitasunean eta norbere burua ematean, zaurgarritasuna Jainkoa bizi den lekua delako sakratua dela antzematean, senide artean adiskidetzean. Zuk zer bizitza aukeratzen duzu?

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.