HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 23

Asteko lehen-egunean, goizean goiz, pizturik, Jesus Maria Magdalenari, zazpi deabru atera zizkionari, agertu zitzaion aurrena. Hura Jesusekin bizi izan zirenei berri ematera joan zen, triste eta negarrez baitzeuden. Baina haiek, bizi zela eta berak ikusi zuela entzutean, ez zioten sinetsi. Ondoren, ikasleetako biri agertu zitzaien, beste itxura batean, auzo batera bidean zihoazela. Hauek ere besteei berri ematera joan ziren; baina hauei ere ez zieten sinetsi. Azkenik, Hamaikei agertu zitzaien, mahaian zeudela, eta aurpegira bota zien beren sinesgabetasuna eta burugogorkeria, bera pizturik ikusi zutenei sinetsi ez zietelako. Eta esan zien: «Zoazte mundu guztira eta hots egin Berri Ona izaki guztiei»

Markos 16, 9-15.

Jesusi jarraitu nahi dion edonork zailtasunak aurkituko ditu Berpizkundea aintzatesteko. Zailtasun horrek hainbat arrazoi izan ditzake: gure logikari ihes egiten dio, barregarria ere izan daiteke, lotsak harrapatu egiten gaitu edo gutxietsiko ote gaituzten beldur izan gaitezke.

Gaurko Ebanjelioan, Maria Magdalenari, Berpizkundearen lehen lekukoari baina agian haien begietara nahiko konfiantzarik merezi ez zuenari, eta Emausekoei, bizi izandakoa kontatzera korrika itzuli zirenei, sinetsi ez zieten dizipuluen sinesgogortasuna ikusten dugu. Azkenik, Berpiztua bera agertu zitzaien haiei sinesgogortasuna aurpegiratzeko; hala eta guztiz ere, mundura bidaldu zituen Berri Ona aldarrikatzera. Dizipulu sinesgabe izatetik Berri Onaren apostolu izatera.

Jesus Berpiztuaren jarraitzaile izateak hasieratik izan du arbuioa ondorio eta, are gehiago, jazarpena. Berpiztuarengan sinestea fedearen bidez jasotzen dugun dohaina da, baina fededunak libreki onartu beharreko dohaina ere bai. Fedearekin dugun konpromisoak gaitzespenik eragiten ez badu, agian gure konpromisoaren kalitateaz galdetu beharko genioke geure buruari. Dena dela, Hark gutako bakoitzarengan sinesten du. Ez al die horrek ere gure logika guztiei ihes egiten?

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.