HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 8

Aldi hartan, juduek berriro harriak hartu zituzten Jesusi harrika egiteko. Jesusek esan zien: «Egintza onik asko egin dut zuen aurrean Aitaren izenean; horietako zeinengatik egin nahi didazue harrika?» Erantzun zioten: «Ez zaitugu egintza onak egiteagatik harrikatu nahi, birao egiteagatik baizik; gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten duzulako» Jesusek erantzun zien: «Ez al dago idatzirik zuen Liburu Santuan: “Nik esan dut: jainko zarete”? Beraz, Jainkoak “jainko” esaten die bere hitza zuzendu zienei, eta Liburu Santuak esana ukaezina da. Nola diozue, bada, Nik, Aitak sagaratu eta mundura bidali nauen honek, birao egiten dudala, Jainkoaren Seme naizela esateagatik? Nire Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinetsi niri; baina egiten baldin baditut, niri sinesten ez badidazue ere, sinetsi egintzei. Horrela, behin betiko jakingo duzue Aita nigan dagoela eta Ni Aitagan» Berriz ere atxilotu egin nahi izan zuten, baina ihes egin zien eskuetatik. Berriro Jordanez beste aldera joan zen Jesus, garai batean Joan bataiatzen ari izan zen lekura. Han gelditu zen aldi batez, eta jende asko joaten zitzaion. Hau zioten: «Joanek ez zuen ezaugarririk batere egin, baina hark honetaz esan zuen guztia egia zen» Eta han askok sinetsi zuen Jesusengan.

Joan 10, 31-42.

Ez da erraza izaten edonor egiaren aurrean jarriz, hark bere hutsuneak, akatsak edota ezinak onartzea eta aitortzea. Normalean, defentsiban jartzen gara, aldi hartako juduei gertatu zitzaien bezala Jesusek “Egintza onik asko egin dut… horietako zeinengatik egin nahi didazue harrika?” esan zienean, eta beraiek “egintza onak egiteagatik ez, birao egiteagatik baizik” erantzun zutenean. Beti justifikazioen bila gabiltza, norberak arrazoia eduki dezan, nahiz eta horrek argudioak behartzera eraman eta ona den hura ukatzeraino heldu ere. Bihotz berritzeko pausoa emateko ezinbestekoa da “Jordanez beste aldera joatea”; hau da, jarreraz aldatzea. Beste modu batera esanda, geldiarazten gaituzten baieztapenetatik aldendu eta askatzen gaituzten jarreretara igaro, horrela, norberarengan eta besteengan bizitza gehiago sortuz. Pauso hori ematearen beharraz jabetzen naiz?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.