HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 7

Aldi hartan, Jesusek esan zien juduei: «Egi-egiaz diotsuet: Nire hitza gordetzen duenak ez du inoiz heriotzarik ikusiko» Juduek esan zioten: «Orain bai dakigula deabruaren menpe zaudela. Abraham hil egin zen eta profetak ere bai; eta Zuk diozu: “Nire hitza gordetzen duenak ez du inoiz heriotzarik ikusiko”? Gure aita Abraham baino handiago al zara, bada, Zu? Hura hil egin zen eta profetak ere bai; nor zarelakoan zaude?» Jesusek erantzun zien: «Nire burua Neuk ohoratuko banu, nire ohore horrek ez luke ezer ere balioko; baina Aitak, zeuen Jainkoa omen duzuenak, ohoratzen nau Ni; zuek, ordea, ez duzue ezagutzen; Nik, bai, ezagutzen dut, eta ezagutzen ez dudala esango banu, gezurti izango nintzateke zuek bezalaxe; baina ezagutzen dut eta gordetzen ere haren hitza. Zuen aita Abraham pozik zen nire eguna ikusiko zuen itxaropenez; ikusi zuen eta alaitasunez bete zen» Orduan, juduek esan zioten: «Ez dituzu oraindik berrogeita hamar urte, eta Abraham ikusi duzula?» Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Abraham sortu baino lehenagokoa naiz Ni» Orduan, harriak hartu zituzten hari jaurtitzeko; baina Jesus ezkutatu egin zen eta tenplutik atera.

Joan 8, 51-59

Jesusek orduko eskemak apurtu zituen eta, utziko bagenio, gaurkoak ere apurtuko lituzke. Baina gure jarrera irmoegiek eta intransigenteegiek, hainbatetan, eskema estu eta gogorretan uzten gaituzte, gu bestearen gainetik jarriz eta besteak hortik epaituz. Agian, geuk ere, judu haiek bezala, eskuetan harriak errazegi hartzen ditugu besteari jaurtitzeko entzuten dugun egiak min edota kalte egiten digulako. Eta ez gara konturatzen Jesusen izenean horrelako zerbait egiten dugun bakoitzean, Jainkoa gure bizitzatik ateratzen dugula, gure izatetik ezkutatu egiten dugula. Jesusen Jainkoak, berriz, gure logikatik at gelditzen bada ere, beti, heriotzaren mugak gainditzen dituzten bizitzako jarrerak aurrera eramaten ditu. Noraino nago Jesusen Jainkoa ezagutzeko prest?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.