HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 5

Aldi hartan, Jesusek esan zien fariseuei: «Ni banoa, eta nire bila ibiliko zarete; baina zeuen bekatuan hilko zarete. Ni noan tokira zuek ezin zarete joan». Orduan, entzuleek esan zuten: «Bere burua hil behar ote du? Horregatik esan ote du “Ni noan tokira zuek ezin zarete joan”?» Jesusek jarraitu zuen: «Zuek behekoak zarete, Ni goikoa naiz; zuek mundu honetakoak zarete, Ni ez naiz mundu honetakoa. Horregatik esan dizuet, zeuen bekatuetan hilko zaretela; zeren, “Ni naizela” sinesten ez baduzue, zeuen bekatuetan hilko baitzarete» Orduan, esan zioten: «Nor zara Zu?» Jesusek erantzun: «Hasieratik ari natzaizue esaten. Badut zuetaz zer esanik eta zer gaitzetsirik asko. Bidali nauena fidagarria da; eta Nik, hari entzun diodana, horixe bera esaten diot munduari» Haiek ez ziren jabetu Aitaz mintzo zitzaiela. Jesusek, beraz, esan zien: «Gizonaren Semea jasoko duzuenean, orduan jakingo duzue Ni naizela, eta ez dudala neurez ezer egiten; baizik eta Aitak erakutsi didana bakarrik esaten dudala. Ni bidali nauena nirekin dago; ez nau bakarrik utzi, hark atsegin duena egiten baitut beti» Jesusek gauza hauek esan zituenean, askok sinetsi zuen harengan.

Joan 8, 21-30.

Behin baino gehiagotan, eskuartean geneukan altxorraren balioaz galdu dugunean edota, jada, ez daukagunean jabetzen gara. Are gehiago: batzuetan, altxorra, bai edo bai, galdu edota kendu beharra izaten zaigu bere egiazko balioaz jabetzeko, nahiz eta aurretik gerta zitekeenaz ohartaraziak izan. Bai, altxorraren balioaz jabetzea ez dator arrazionalizaziotik, altxorraz egin den esperientziatik baizik. Are gehiago: bizitzarekin loturik dauden gizatasunezko alderdi horietan ematen denean. Gaur Jesusek horrelako zerbait esaten digu: “Gizakiaren Semea jasoko (hilko) duzuenean, orduan jakingo duzue Ni naizela, eta Ni bidali nauena nirekin dagoela…”, baina “… ez nau bakarrik utzi, hark atsegin duena egiten baitut beti”. Hortxe, erronka, bada: sakoneko jakintza, egiazko Bizitzako esperientzia, bidean zentzunez aurrera egin dezagun, bakarrik ez gaudela sentituz eta jakinik. Neure gizatasuna argitasunez bizi dezadan, zer-nolako bizikizuna behar dut edota berreskuratu behar dut?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.