HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 31

Aldi hartan, hurbildu zen Jesusengana lege-maisu bat eta galdetu zion: «Zein da agindu guztietan nagusiena?»

Jesusek erantzun: «Hau da nagusiena: “Entzun, Israel: Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra da. Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz”. Bigarrena, berriz, hau da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala”. Ez da hauek baino agindu handiagorik».

Lege-maisuak esan zion: «Ederki, Maisu; egia diozu Jainkoa bakarra dela eta ez dela besterik esatean, baita hura bihotz-bihotzez, adimen guztiz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea dela esatean ere».

Eta Jesusek, zuhurki erantzun zuela ikusirik, esan zion: «Ez zaude urruti Jainkoaren erreinutik». Eta handik aurrera, ez zen inor galderarik egitera ausartzen.

§ Markos 12, 28b-34.

“Ez zaude urruti Jainkoaren erreinutik” esaten dio Jesusek lege-maisuari. Beraz, lege-maisu izan arren, oraindik ez da Jainkoaren erreinuaren arabera bizitzera heldu. Egian eta egiaz bizitzeko, teoria jakitea (teoriarik ederrena izanik ere) ez da nahikoa, pausoak jarraitu behar dira: entzun; norberaren baitara eraman guztia blaitu dezan, eta, ondorioz, modu kontsekuentean bizi.

Oraingoan ere, Jesusek erabat deskolokatzen gaitu: lehenengo agindua ez da formulazio batean sartzen, entzutean baizik. Beraz, egiazko aginduak ondo ulertzeko eta betetzeko, apurtu beharreko lehen oztopoa zarata da. Agian, legeak, araudiak, neurriak… berak sortzen digun zarata, bestearen ‘neurrietara’ eramatea, eta, hortik, bestea etiketatzea. Jesusek garbi uzten digu, ordea, hori ez dela neurria, maitasuna baizik. Gainera, esaten digu sakon entzutetik datorrela maitasuna sentitzea.

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.