HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 30
Aldi hartan, larunbat batean, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion. Ohartu zen Jesus gonbidatuek aurreneko jarlekuak hartzen zituztela eta ohar hauek egin zizkien:
«Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, baliteke-eta zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izatea; hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”. Orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsaturik.
Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago!” Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu».
§ Lukas 14, 1.7-11.
Itxurakeria eta maltzurkeria, alde batetik, eta bestea baino gehiago izatea, bestetik. Hain aspaldiko eta hain oraingo jarrerak! Jesusek primeran ezagutzen ditu pertsonaren ezkutuko grina ilunak eta agerian jartzen ditu, irtenbide gizatiarrago bat eskainiz: apaltasuna. Inor ez da bestea baino gehiago.
Duintasun berdinez bizitzera gonbidatzen gaituen Hura denontzat da berdina. Beraz, gu ez gara nor bizitzaren ‘mahaian’ inor kategorizatzeko; gutxiago, oraindik, mahai horretatik inor baztertzeko. Alderantziz, ardura bakarra eduki beharko genuke: gonbidapen berdina jaso dugunez, senide garenez, denek leku egokia eduki dezaten zaintzea eta ahalbidetzea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.