Bilaketaren emaitzak

  • Terminoa

  • Atala

  • Aroa

Abenduak 19

Aldi hartan, Maria jaiki eta bizi-bizi mendi aldera joan zen, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion.

Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion Elisabeti haurrak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zen, eta esan zuen oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!»

Abenduak 18

Jesu Kristoren sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen eta, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa baitzen eta ez baitzuen bere emaztea salatu nahi, hura isilean uztea erabaki zuen.

Baina asmo hori gogoan zerabilela, Jaunaren aingerua azaldu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez beldur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik baitator. Semea izango du, eta zuk “Jesus” ipiniko diozu izena, hark salbatuko baitu bere herria bekatuetatik».

Hau guztia Jaunak profetaren ahoz esandakoa…

Abenduak 17

Abrahamen eta Daviden ondorengo den Jesu Kristoren jatorri-liburua.

Abrahamek Isaak sortu zuen, Isaakek Jakob, Jakobek Juda eta haren senideak; Judak Tamarrengandik Fares eta Zara sortu zituen, Faresek Esrom, Esromek Aram, Aramek Aminadab, Aminadabek Naason, Naasonek Salmon; Salmonek Rahabengandik Booz sortu zuen, Boozek Rutengandik Obed, Obedek Jese, Jesek David erregea.

Davidek Uriasen emazte izanagandik Salomon sortu zuen, Salomonek Roboam, Roboamek Abia, Abiak Asaf, Asafek Josafat, Josafatek Joram, Joramek Ozias, Oziasek Joatam, Joatamek Akaz, Akazek Ezekias, Ezekiasek Manases, Manasesek Amon, Amonek Josias; Josiasek Babiloniako erbestealdian Jekonias eta haren…

Abenduak 16

Joan Bataiatzailearen mezulariek alde egin zutenean, Joanez mintzatzen hasi zitzaion Jesus jendeari: «Zer ikustera atera zineten basamortura? Haizeak astintzen duen kanabera? Zer ikustera atera zineten, bada? Apain jantzitako gizona? Apain janzten direnak eta atseginkeriatan bizi direnak errege-jauregietan egoten dira. Zer ikustera atera zineten, bada? Profetaren bat? Baietz diotsuet, eta profeta baino ere handiagoa dena. Horretaz dago idatzia Liburu Santuan:

“Begira, neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik, zuri bidea prestatzera”.

Horra Nik esan: ez da sortu amaren semerik Joan baino handiagorik. Hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena hura baino handiagoa da»…

Abenduak 15

Aldi hartan, Joan Bataiatzaileak, bere ikasleetako biri dei egin eta Jaunagana bidali zituen galdetzera: «Zu zara etortzekoa ala besteren baten zain egon behar dugu?» Joan ziren, bada, gizon haiek Jesusengana eta esan zioten: «Joan Bataiatzaileak zugana bidali gaitu
galdetzera: “Zu zara etortzekoa ala besteren baten zain egon behar dugu?”»

Une hartantxe, gaitz, eritasun eta espiritu gaiztoak zituen jende asko sendatzen ari zen Jesus, eta itsu askori ikusmena ematen.

Ondoren, mezulariei erantzun zien: «Zoazte eta esan Joani ikusi eta entzun duzuena: itsuek ikusten dute eta herrenak badabiltza, legenardunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzuten dute, hilak pizten dira eta…

Abenduak 14

Aldi hartan, Jesusek esan zien apaizburu eta herriko zaharrei: «Zuek zer deritzozue? Gizon batek bi seme zituen; batarengana joan eta esan zion: “Seme, zoaz gaur mahastira, lanera”. Hark erantzun: “Ez dut nahi”. Baina gero damutu eta joan egin zen. Bestearengana ere joan eta gauza bera esan zion. Eta hark erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zen joan. Bietan zeinek egin zuen aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun zioten.

Orduan, Jesusek esan zien: «Egiaz diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea hots eginez, eta ez zenioten sinetsi…

Abenduak 13

Aldi hartan, Jesus tenplura etorri eta, irakasten ari zela, apaizburuak eta herriko zaharrak hurbildu zitzaizkion, galdezka: «Zein aginpidez egiten duzu hori? Nork eman dizu aginpide hori?» Jesusek erantzun zien: «Nik ere gauza bat galdetuko dizuet; erantzuten badidazue, Nik ere esango dizuet zein aginpidez egiten dudan hori. Joanek noren aginduz bataiatzen zuen: Jainkoaren aginduz ala gizakien aginduz?»

Haiek beren baitan zioten: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badugu, zergatik sinetsi ez genion esango digu. Eta gizakien aginduz ari zela esaten badiogu, berriz, jendearen beldur gara, guztiek profetatzat baitaukate Joan».

Abenduak 12

Aldi hartan, honela galdetzen zion jendeak Joan Bataiatzaileari: «Zer egin behar dugu?» Eta hark erantzuten zien: «Bi soineko dituenak eman biezaio bat ez duenari, eta jatekorik duenak egin beza gauza bera».
Etorri zitzaizkion zergalari batzuk ere bataiatzera eta galdetu zioten: «Maisu, zer egin behar dugu?» Eta hark esan zien: «Ez eskatu erabakia dagoena baino gehiago».
Gudariek ere galdetu zioten: «Eta guk zer egin behar dugu?» Hark erantzun: «Ez atera inori dirurik gogorkeriaz, ezta gezurrezko salaketaz ere; baizik eta konforma zaitezte duzuen soldatarekin».
Herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen ez ote zen Joan Bataiatzailea Mesias izango. Joanek guztiei…

Abenduak 11

Menditik jaistean, galdetu zioten ikasleek Jesusi: «Nolatan diote lege-maisuek, lehenbizi Eliasek etorri behar duela?»
Jesusek erantzun zien: «Bai, Eliasek etorri behar zuen eta gauza guztiak eraberritu. Baina hara zer diotsuedan: Elias etorria da, eta ez dute aintzat hartu, baizik eta nahi izan duten guztia egin diote. Era berean, Gizonaren Semeak ere oinazeak jasango ditu horiengandik». Orduan konturatu ziren Joan Bataiatzaileaz ari zitzaiela.

Abenduak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Zeinen antzekoa dela esango nuke gizaldi hau? Plazan eserita dauden haurren antzekoa da; honela oihu egiten baitiete batzuek besteei: “Soinua jo dizuegu, eta zuek dantzarik ez; hiletak jo, eta zuek aienerik ez”.
Izan ere, etorri da Joan Bataiatzailea, ez jan ez edan egiten ez duela, eta deabruak harturik dagoela diote. Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten duela, eta honela diote: “A zer tripazaina eta mozkorra, zergalari eta bekatarien adiskidea”. Baina egiteek Jainkoaren jakinduriari eman diote arrazoia».