Bilaketaren emaitzak

  • Terminoa

  • Atala

  • Aroa

Abenduak 15

Aldi hartan, Joan Bataiatzaileak, bere ikasleetako biri dei egin eta Jaunagana bidali zituen galdetzera: «Zu zara etortzekoa ala besteren baten zain egon behar dugu?» Joan ziren, bada, gizon haiek Jesusengana eta esan zioten: «Joan Bataiatzaileak zugana bidali gaitu
galdetzera: “Zu zara etortzekoa ala besteren baten zain egon behar dugu?”»

Une hartantxe, gaitz, eritasun eta espiritu gaiztoak zituen jende asko sendatzen ari zen Jesus, eta itsu askori ikusmena ematen.

Ondoren, mezulariei erantzun zien: «Zoazte eta esan Joani ikusi eta entzun duzuena: itsuek ikusten dute eta herrenak badabiltza, legenardunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzuten dute, hilak pizten dira eta…

Abenduak 14

Aldi hartan, Jesusek esan zien apaizburu eta herriko zaharrei: «Zuek zer deritzozue? Gizon batek bi seme zituen; batarengana joan eta esan zion: “Seme, zoaz gaur mahastira, lanera”. Hark erantzun: “Ez dut nahi”. Baina gero damutu eta joan egin zen. Bestearengana ere joan eta gauza bera esan zion. Eta hark erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zen joan. Bietan zeinek egin zuen aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun zioten.

Orduan, Jesusek esan zien: «Egiaz diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea hots eginez, eta ez zenioten sinetsi…

Abenduak 13

Aldi hartan, Jesus tenplura etorri eta, irakasten ari zela, apaizburuak eta herriko zaharrak hurbildu zitzaizkion, galdezka: «Zein aginpidez egiten duzu hori? Nork eman dizu aginpide hori?» Jesusek erantzun zien: «Nik ere gauza bat galdetuko dizuet; erantzuten badidazue, Nik ere esango dizuet zein aginpidez egiten dudan hori. Joanek noren aginduz bataiatzen zuen: Jainkoaren aginduz ala gizakien aginduz?»

Haiek beren baitan zioten: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badugu, zergatik sinetsi ez genion esango digu. Eta gizakien aginduz ari zela esaten badiogu, berriz, jendearen beldur gara, guztiek profetatzat baitaukate Joan».

Abenduak 12

Aldi hartan, honela galdetzen zion jendeak Joan Bataiatzaileari: «Zer egin behar dugu?» Eta hark erantzuten zien: «Bi soineko dituenak eman biezaio bat ez duenari, eta jatekorik duenak egin beza gauza bera».
Etorri zitzaizkion zergalari batzuk ere bataiatzera eta galdetu zioten: «Maisu, zer egin behar dugu?» Eta hark esan zien: «Ez eskatu erabakia dagoena baino gehiago».
Gudariek ere galdetu zioten: «Eta guk zer egin behar dugu?» Hark erantzun: «Ez atera inori dirurik gogorkeriaz, ezta gezurrezko salaketaz ere; baizik eta konforma zaitezte duzuen soldatarekin».
Herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen ez ote zen Joan Bataiatzailea Mesias izango. Joanek guztiei…

Abenduak 11

Menditik jaistean, galdetu zioten ikasleek Jesusi: «Nolatan diote lege-maisuek, lehenbizi Eliasek etorri behar duela?»
Jesusek erantzun zien: «Bai, Eliasek etorri behar zuen eta gauza guztiak eraberritu. Baina hara zer diotsuedan: Elias etorria da, eta ez dute aintzat hartu, baizik eta nahi izan duten guztia egin diote. Era berean, Gizonaren Semeak ere oinazeak jasango ditu horiengandik». Orduan konturatu ziren Joan Bataiatzaileaz ari zitzaiela.

Abenduak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Zeinen antzekoa dela esango nuke gizaldi hau? Plazan eserita dauden haurren antzekoa da; honela oihu egiten baitiete batzuek besteei: “Soinua jo dizuegu, eta zuek dantzarik ez; hiletak jo, eta zuek aienerik ez”.
Izan ere, etorri da Joan Bataiatzailea, ez jan ez edan egiten ez duela, eta deabruak harturik dagoela diote. Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten duela, eta honela diote: “A zer tripazaina eta mozkorra, zergalari eta bekatarien adiskidea”. Baina egiteek Jainkoaren jakinduriari eman diote arrazoia».

Abenduak 9

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Egiaz diotsuet: Ez da sortu amaren semerik Joan Bataiatzailea baino handiagorik. Hala ere, zeruetako erreinuan txikiena, hura baino handiago da. Joan Bataiatzailea agertu zen egunetatik gaurdaino, zeruetako erreinua indarrez hartzen da, eta indar egiten dutenek eskuratzen dute. Profeta guztien eta Moisesen agintzarien garaia Joan Bataiatzailearekin bukatu da. Joan hau da etortzekoa zen Elias, nahi baduzue onartu. Belarririk duenak entzun beza».

Abenduak 8

Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen.
Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan zion: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura.
Aingeruak esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta “Jesus” ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio…

Abenduak 7

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zer deritzozue? Gizon batek ehun ardi baldin baditu eta bat galtzen bazaio, ez al da laurogeita hemeretziak mendian utzi eta galdutakoaren bila joango? Eta aurkitzen badu, benetan diotsuet, poz handiagoa izango du bakar harengatik, galdu ez diren laurogeita hemeretziengatik baino.
Era berean, zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako bat ere galtzerik».

Abenduak 6

Aldi hartan, Jesus irakasten ari zen. Han zeuden eserita Galileako eta Judeako auzo guztietatik eta Jerusalendik etorritako fariseu eta legemaisu batzuk. Eta Jaunaren indarrak gaixoak sendatzera eragiten zion.
Hartan, gizon batzuk azaldu ziren elbarri bat ohatilan zekartela eta barrura sartu nahi zuten, Jesusen aurrean ipintzeko. Baina jendetzagatik ez baitzuten aurkitzen nondik sartu, teilatura igo eta, teilak kendurik, ohatila eta guzti jaitsi zuten erdira, Jesusen aurrera. Haien sinesmena ikusirik, Jesusek honela esan zuen: «Gizona, barkatuak dituzu bekatuak!»
Lege-maisu eta fariseuek zioten beren baitan: «Nor dugu biraoka ari den hau? Nork barka ditzake bekatuak…

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.