HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 3
Aldi hartan, Jesusekin mahaian zegoen batek esan zion: «Zorionekoa Jainkoaren erreinuko otorduan parte hartuko duena». Orduan, Jesusek esan zion: «Gizon batek afari handi bat eman zuen eta jende asko gonbidatu zuen. Afarirako ordua iritsi zenean, morroia bidali zuen gonbidatuei esatera: “Zatozte, prest dago dena”. Baina bata bestearen ondoren aitzakiak jartzen hasi ziren denak. Lehenengoak esan zion: “Soroa erosi dut, eta ikustera joan behar dut; barkatu, arren”. Beste batek, berriz: “Bost idi-pare erosi ditut, eta probatzera joan behar dut; barkatu, arren”. Eta hurrengoak: “Ezkondu berria naiz, eta ez naiteke joan”. Itzuli zen morroia eta guztiaren berri eman zion nagusiari. Etxeko nagusia biziki haserretu zen eta esan zion morroiari: “Hoa bizkor herriko plazara eta kaleetara, eta ekarri behartsuak, elbarriak, itsuak eta herrenak”. Geroago, morroiak esan zion: “Jauna, egin dut agindu duzuna, eta oraindik bada lekurik”. Orduan, nagusiak esan zion: “Hoa bidez bide eta bazterrik bazter eta sarrarazi jendea barrura, etxea bete dakidan”. Egia esan, gonbidatu haietako batek ere ez du nire afaria dastatuko».
Lukas 14, 15-24.

Oturuntza haundiaren parabolak gonbidatzen nekatzen ez den eta guztiek bere mahaian leku bat izatea nahi duen Jainko bat aurkezten digu. Hala ere, lehen gonbidatuek aitzakiak jartzen dituzte: lanek, ondasunek eta proiektu pertsonalek beraien bizitzaren erdigunea hartzen amaitzen dute. Gure gizartean ere, presak, indibidualismoak eta berehalako ongizatearen bilaketak markatuta, gure betebeharrei eta itxaropenei hain adi bizitzeko arriskua dugu, non apenas uzten diogun lekurik funtsezkoenari: besteekiko topaketari, barne-entzuteari, doakotasunari eta Jainkoarenganako irekitasunari.
Ebanjelioaren gonbidapenak ez gaitu gure eguneroko arduretatik urrundu nahi, baizik eta horiek gure bizitzan zer leku hartzen duten eta zer kanpoan uzten ari garen aurkitzen laguntzea. Jainkoak ez du bere burua inposatzen, ezta behartzen ere; bizitza beteago batean parte hartzera gonbidatzen du eta gogorarazten digu ez gaudela gure baitan giltzapetuta bizitzeko eginak. Galdera erabakigarria da ea bihotza prest dugun gonbidapen hori hartzeko.
Baina parabolaren xehetasunik iraultzaileena da lehen gonbidatuen ukoaren aurrean, etxeko jabeak txiroei, ezinduei, itsuei eta elbarriei deitzeko agintzen duela. Erreinuko mahaia gure gizarte-mahaitik kanpo geratu ohi direnekin betetzen da, hain zuzen ere. Desberdintasuna, nahi gabeko bakardadea, migrazioak eta bazterkeria nagusi diren testuinguru honetan, Jesusek gure elkarteetan, parrokietan eta eguneroko harremanetan nork duen lekua eta nork atarian jarraitzen duen galdetzen digu. Jainkoaren jaia ez da gutxi batzuentzat gordetako pribilegio bat, anaia-arreba arteko unibertsaltasunaren ospakizun bat baizik: bere gonbidapena onartzeak gure bizitza propioa mahai ireki bihurtzea ere esan nahi du, itxaropena, konpainia eta maitasuna gehien behar dutenentzat lekua egon dadin.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments