HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Azaroak 2

Eguerdian, ilundu egin zuen lurbira osoan hirurak arte. Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan zuen: «Eloi, Eloi, lema sabaktani», hau da:

«Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?». Hau entzutean, han zeuden batzuek esan zuten: «Eliasi deika ari duk». Orduan batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman Zion, esanez: «Egon, ea datorkion Elias, gurutzetik jaistera». Baina Jesusek, deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen. Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik beheraino. Aurrean zegoen erromatar ehuntariak, nola hil zen ikustean, esan zuen: «Benetan, Jainkoaren Semea zen gizon hau». Larunbata igaro zenean, Maria Magdalenak eta Santiagoren ama Mariak eta Salomek usain gozoko ukenduak erosi zituzten Jesusen gorpua gantzutzeko. Eta asteko lehen-egunean, goizean goiz, eguzkia atera orduko, hilobira joan ziren. Hau ziotsoten elkarri: «Nork irauliko digu hilobi-sarrerako harria?». Begiratu eta harria iraulia ikusi zuten, oso handia zen arren. Hilobian sarturik, gazte bat ikusi zuten eskuinaldean eseria, soineko zuriz jantzia, eta erabat izutu ziren. Hark esan zien: «Ez izutu! Nazareteko Jesus gurutziltzatuaren bila zabiltzate. Piztu da; ez dago hemen. Hona ezarri zuten lekua».

Markos 15, 33-39; 16, 1-6.

Jesusen heriotzaren eta piztueraren gertaerak gure izatearen paradoxa haundienetako baten aurrean jartzen gaitu: dena galduta dirudienean, bide berri bat ireki daiteke. Lurra estaltzen duen iluntasunak, Jesusek gurutzean egindako oihuak eta berarekin batera daudenen nahasmena gure garaiko zauriak ere islatzen dituzte: gerrateak, polarizazio soziala, bakardadea, hainbat pertsonaren sufrimendua, zentzua aurkitzeko zailtasuna, etab. Gurutzeak gogorarazten digu Jainkoa ez dela gizakien minetik kanpo geratzen, baizik eta bertan bertaratzen dela, gure ahultasuna azken ondorioetaraino partekatuz.

Zenturioiak, Jesus nola hiltzen den ikustean, bere eskematik kanpo geratzen den zerbait ikusten du gurutziltzatu horretan. Gu ere Jainkoa agian gutxien espero dugun lekuan aitortzera deituta gaude: biktimengan, baztertutako pertsonengan, eta beraien bizitza egunero maitasunagatik ematen dutenengan. Kristau fedea ez da iluntasuna ukatzea, baizik eta iluntasun hori zeharkatzea, Jainkoaren maitasuna gaitza eta heriotza baino indartsuagoa dela dioen konfiantzaz.

Astearen lehen eguneko egunsentian hilobira doazen emakumeek, mina eta ziurgabetasuna bizi arren, Jesus bilatzen jarraitzen dutenak irudikatzen dituzte.

Sekularizazioak eta benetako esperientzien bilaketak markatutako gure testuinguru kulturalean, berpiztea iragartzeak diskurtso triunfalista gutxiago eta itxaropen zeinu zehatz gehiago eskatzen ditu: komunitate harreragileak, harreman adiskidetuak, ahulenekiko konpromisoa eta entzuteko, pertsonekin batera ibiltzeko eta ezarri gabe zentzua eskaintzeko gai den Eliza. Pazkoak ez digu zailtasunik gabeko bizitza baten promesa egiten, baizik eta inongo iluntasunak ez duela azken hitza dioen ziurtasuna.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.