Nola izendatu izendaezina? (8) “Amaita / Hanûn”

2026 Urr 19

Adimen artifiziala izanagatik ere, itzulpenak trakets izan daitezke. Begira, bestela, Bibliako testu honi: “Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea!” (Ir 34, 6). Hori da euskarazko itzulpen ofiziala eta horren esanahia euskaradunontzat garden dela ematen du.

Bai, zera!

Hartu dezagun Jainkoari egozten zaion lehenengo adjektiboa: “bihozbera”. Euskaraz adjektibo kutuna izan daiteke; pertsona hori bihozbera da: laudorio polita, gero!

Goazen, ordea, jatorrizko formara, hots, hebreerak erabiltzen duen hitzera: “hanûn”[1].

Jainkoa femeninoa delako argudioari dagokionez, “hanûn” adjektiboaren esanahia eta garrantzia haztatzeko, hona hemen zenbait inguruabar:

  1. 13 aldiz erabiltzen da Itun Zaharrean eta horietako 12 kasutan Jainkoari dagokio. Nolabait, Jainkoaren deskribapenari lotuta dago; hortaz, Jainkoa deskribatzeko adjektibo espezifikoa edo “teknikoa” dela esan genezake.
  2. Izatez, “hanan” aditzari dagokion adjektiboa da. Antzinako hizkuntza semitikoak, oro har, deskribatzaileak dira, abstrakzio gutxikoak. Normalean, aditzek jarduera jakinak adierazten dituzte. “Bihozbera” adjektiboa, nahiz eta “bihotz” organoarekin lotu, abstraktu samarra da: lausoki soilik atzeman daiteke zer ekintzari lotzen zaion.
  3. “Hanan” aditzaren esanahietako bat makurtzea da. Besteak beste, ama baten jarduera deskribatzen du, bere seme-alaba txiki-txikia zorutik jaso –lar txikia baita bere kabuz altxatzeko– eta titia emateko makurtzen delarik. Horrekin lotuta, eta esanahiaren beste hari batean, dohainik ematea da: seme-alaba txiki-txikiak ez du inolako meriturik egin amaren faborea eskuratzeko.
  4. “Hanan” aditza adjektibatzeko, hebreerak forma gramatikal berezi bat erabiltzen du (qattûl deitzen dena), zeinek seinalatzen baitu ekintza hori ez dela puntuala, iraunkorra baizik, berezko izaera markatzen duelarik.

Horrenbestez, nolakoa da Jainkoa? Zerekin konparatu dezakegu?

Ama bat bezalakoa da, ezen amaren gisara makurtzen baita bere haur maitagarria jasotzeko eta bere esneaz elikatzeko; doako jarduera hori ez du lantzean behin edo aldizka egiten, uneoro eta nonahi baizik, soilik ama batek egin dezakeen moduan.

“Bihozbera” adjektiboan, oso iradokitzailea izanagatik, nekez uler genezake jatorrizko esanahia; itzulpenaren beharra badugu ere, bidean garrantzi handiko zenbait ñabardura bitxi eta esanguratsu galdu daitezke: besteak beste, amatasunaren iradokizuna.

[1] Ahoskatzean, “h” hori hasperentzen da.

Oihartzunak (3 oihartzun daude)
L

3 Comments

  1. Marisabel

    Eskerrik asko, Luzio argibide honengatik. Jainkoa ezagutzeko lagungarria.

  2. Eskerrik asko, Luzio. Oso ederra eta lagungarria da artikulu-sorta osoa.

    Ez dakit Jainkoaren bihozberatasunak duen amatasun-ezaugarri horretatik Jainkoa izendatzeko proposamenik egingo diguzun: izenburuan jarri duzun «Amaita» hori izendaezina izendatzeko beste modu bat izan ote daiteke?

  3. Eskerrik asko, Marisabel eta Xabier!
    Beharbada, sorta oso argitaratu ondoren solasaldi bat izatea aproposa izan liteke.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.