Lastamarraga

2026 Urr 12

Urrira sartzen garen neurrian, gure baserrietan artaburu helduak batzen ziren etxera eramateko. Behin etxeraz gero, artazuriketa zen lanetariko bat, hau da, kapaxak kentzea eta lan hori sutondoan egiten zen familiako giro eta hezkuntza ederrean, errosarioa bitarteko. Gaurkoan kapaxak aipatuko ditugu euren erabilerak azaltzeko. Artaburu-kapaxak ganaduen jakirako erabiltzen ziren batez ere, baina kapaxa finenak eta bigunenak lastamarraga eratzeko ere bai. Lastamarraga gaur eguneko koltxoien“ arbasoa” dela esango genuke. Lehenago, zoruan egiten zen lo eta geroagora zorutik gorako lau hankadun oheak sortu ziren lurreko hezetasun eta abarretatik isolatzeko. Hasierako oheotan lastamarraga erabiltzen zen. Eta zer den lastamarraga? Ba aiko. Horretarako ohearen luze-zabaleko zaku bat eratzen zen, kapaxa bigunez bete eta josi inguruetatik. Gero zoruan edo ohe gainean berdindu eta prestatu etzateko. Lehenengoz etzakeran eroso egoten zen lastamarraga baina egonean, gogortu egiten zen eta berriz astindu behar. Lan neketsua benetan. Geroagora artile edo ardi-lanazko koltxoiak etorri ziren, garbiagoak eta erosoagoak. Koltxoiak ezezik, oheak, izarak eta gainontzekoak ere asko aldatzen etorri dira zer gura eta haxe daukagularik. Lo ondo egitea beti izan da garrantzitsua batez ere umeentzat. Gorbeialdean esaera polit bat daukagu loari buruz. Hauxe: “loa janik erdia”. Gaur ez dago lehengorik, baina “ astindu” aditza gaur ere bizirik daukagu “lastamarraga astindu ” esamoldean. Gaur egun “ astindu” aditza aberastu egin dugu semantikoki. Gure euskera zaharrak badauka lekua gaurko munduan ere, sutondoko lehen eskolatik hasi eta unibertsitatera bidean. Horretarako nondik gatozen ezagutu behar dugu nora goazen jakiteko euskerak iraun dezan etorkizunean. Halabiz!

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.