HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 6
Aldi hartan, Jesus herrixka batean sartu zen, eta Marta zeritzan emakume batek etxean hartu zuen. Bazuen honek Maria izeneko ahizpa bat, eta hau, Jaunaren oinetan eserita, haren hitza entzuten zegoen. Marta, berriz, lanpetua zebilen etxeko zereginetan. Orduan, Martak Jesusen aurrean jarri eta esan zion: «Jauna, ez al dizu axola nire ahizpak lan guztia nire gain uztea? Esaiozu laguntzeko». Jaunak, ordea, erantzun zion: «Marta, Marta, gauza askorengatik zabiltza kezkatua eta larri; baina bakarra da beharrezko. Alderdirik onena aukeratu du Mariak, eta ez dio inork kenduko».
Lukas 10, 38-42.

“Haren hitza entzuten zegoen”.
Entzutea gure izaera osoaren beharrean dago: atentzioa jarri, kontzentratu, geure aurreiritziak alde batera utzi… Zenbat kostatzen zaigun entzutea. Batzuetan distrazioak kanpotik datoz, zarata asko dagoelako, lagunek distraitzen nautelako; beste batzuetan berriz distrazioak barruan ditugu, geurekin: kezkak, arazoak, desioak… gure barnetik sortzen direnak baina entzutea galarazten dutenak.
“Esaiozu laguntzeko”.
Marta gauza askorekin dabil, eginkizuna, lana besterik ez du ikusten… zenbat gauza egiteko, zenbat lan, eta horretan, egitea distrakzio iturri bihurtzen da. Badirudi honetan gaudenean zerbait “produktiboa” egiten ari garela eta hau dela baliokoa. Zenbaitetan gainera, egitea ez den guztia alferkeriatzat jotzen dugu.
“Alderdirik onena aukeratu du Mariak”
Ezin ukatu lana beharrezkoa dela, egunean zehar gauza asko egin beharrean aurkitzen garela, baina aldi berean, zein mesedegarri den Hitza entzutea.
Hemen aurkitzen dugu gaurko gonbidapena: gure eginkizun, lan, distrakzio artean aurkitu dezagun denbora bat; denbora Hitza entzuteko, Jainkoak nire barnean dioena entzuteko, Jainkoaren begiradarekin topo egiteko. Ondoren ekin diezaiogun gure eginkizunari, Jainkoaren begiradaz… eta jabetu gaitezen gure egite horretan ere Jainkoa presente egiten dela.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments