HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 3
Aldi hartan, hirurogeita hamabi ikasleak pozez beterik itzuli ziren, eta esan zioten Jesusi: «Jauna, deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izenean». Jesusek erantzun zien: «Tximista bezala zerutik erortzen ikusi dut Satanas. Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menperatzeko ahalmena eman dizuet, eta ezin izango dizue ezerk ere kalterik egin. Hala ere, ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako». Une hartan, Jesusek, Espiritu Santuaren pozez beterik, esan zuen: «Bedeinkatua zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei gorde eta jende xumeari agertu dizkiozulako. Bai, Aita, hala izan duzu gogoko. Nire Aitak dena eman dit, eta ez du inork ezagutzen Semea nor den, Aitak baizik; ezta Aita nor den ere, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak baizik». Eta, ikasleengana itzulirik, esan zien haiei bakarrik: «Zorionekoak, zuek ikusten duzuena ikusten duten begiak. Hara zer diotsuedan: profeta eta errege askok ikusi nahi izan zuen zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun».
Lukas 10, 17-24.

Aurreko egunean bezala, gaur ere Jesusen bidalitakoak ikusten ditugu beregana itzultzen. Pozez beterik.
Gu ere zorionekoak gara eta pozez gainezka gaude benetan Jesusen aginduak betetzen ditugunean, benetan bere lekuko eta jarraitzaile sutsu garenean. Bera lagun, bizitzaren kolorea eta gure begirada aldatu egiten dira. Eta honela, ahalmen gehiago daukagula iruditzen zaigu, Berak gugan egiten duelako eta bere tresna bilakatzen garelako. Umiltasunez eta barne askatasunez Berari egiten uzteko gure bidez.
Hain zuzen ere, Jesusek Aitak erakutsitako eta emandako guztia ekarri nahi izan zigun guztioi. Ez zituen pribilejiodunak bilatu, adituak, ospetsuak, boteretsuak. Jende xumeari, herriko pertsonei ekarri zigun altxorra.
Jesus, emaiguzu grazia Zu ikusteko eta benetan ezagutzeko, zorionekoak gara eta!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments