HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 1
Aldi hartan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta leku guztietara. Eta esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte! Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei!” Eta han bakezalerik bada, haren gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Geldi zaitezte etxe berean; eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua”. Baina herriren batean sartu eta onartzen ez bazaituztete, irten plazara eta esan: “Oinetan itsatsi zaigun zuen herriko hautsa ere hor astintzen dizuegu. Dena dela, jakizue hurbil dela Jainkoaren erreinua”. Begira: auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango du, herri hark baino».
Lukas 10, 1-12.

Jesusek hirurogeita hamabi pertsona izendatu eta lurraldeetan zehar sakabanaturik bidaltzen ditu Aitaren erreinua hots egiteko eta eraikitzeko.
Binaka elkarri laguntzeko, zuzentzeko eta gertatuakoaren berri emateko. Binaka, taldeka, elkarrekin deituak gara gu ere anai-arrebatasun horretan ibili eta bazter guztietara joateko. Berdintasunean, bakoitzak bere hoberena eskainiz eta denon artean osagarri izanez bakea eramateko etxe guztietara.
Baina ez da erraza Jesusen misioa eta horregatik aditzera ematen digu alde batera uzteko segurtasuna ematen diguten gauza materialak, soilik Berak ematen digun indarra eta deiari heltzeko. Bakarrik horrela eraman daiteke bakea eta eraiki Jainkoaren erreinua.
Jesusek egunero egiten digu guri ere bidalketa hau: zoazte bazter guztietara, zaudeten lekuetan zaudetela: lanean, etxean, parrokian, lagunartean, auzoan. Gu ere deituak gara bakea eramateko gure inguruetara eta hurbitzeko Jainkoaren erreinua, zer deritzozu?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments