HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 30
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak bidean zihoazela, batek esan zion: «Noranahi jarraituko dizut». Jesusek erantzun zion: «Azeriek badituzte zuloak eta zeruko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri». Beste bati esan zion: «Jarraitu niri». Baina hark erantzun: «Jauna, uztazu lehenik neure aitari lur ematera joaten». Jesusek erantzun zion: «Utzi hildakoei beren hildakoei lur ematen; zu zoaz Jainkoaren erreinua hots egitera». Beste batek, berriz, esan zion: «Jarraituko dizut, Jauna, baina uztazu lehenik etxekoei agur egiten». Jesusek erantzun zion: «Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako».
Lukas 9, 57-62.

Gaur egun guk gogortzat har ditzakegun hitzak dira Jesusen ahotan. Baliteke hiru mezu argi izatea hauen barruan. Lehena, ez da erraza Jesus jarraitzea: ezin dugu etxeko segurtasun eta goxotasunean geratu, gure erosotasun egoeratik atera behar dugu.
Bigarrenik, gure lehentasunak ordenatzeko beharra: Jesusi jarraitzeak gure denborak, afektoak eta zereginak nola antolatu irauli dezake, Bere nahia bete ahal izateko, gure disponibiltate osoa beharko delako.
Eta azkenik, beti aurrera begiratzeko gonbitea: Jesus bada gure iparrorratza, Berak markatzen duen norabideari begiratu eta horretan jardun behar dugu, atzera edo alboetara begiratu gabe.
Hortik sor daitezke gure gaurko galderak eta eskaerak: prest al nago nire segurtasunak askatzeko? Prest al nago uzteko Jesusi nire agenda eta zereginak antolatzen? Prest al nago iraganari lotuta ez bizitzeko askatasunez baiezkoa emateko Jesusi?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments