HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 28
Aldi hartan, eztabaida sortu zen ikasleen artean, zein ote zen haietan handiena.
Igarri zizkien Jesusek beren burutazioak eta, haurtxo bat hartu, beren ondoan jarri eta esan zien: «Haur hau nire izenean onartzen duenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak bidali nauen hura onartzen du. Zeren zuetan txikiena, horixe baita handiena». Orduan, Joanek esan zion: «Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta galarazi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa». Baina Jesusek erantzun zion: «Ez galarazi, zeren zuen aurka ez dagoena zuen alde baitago».
Lukas 9, 46-50.

Jesus, zenbat harritzen gaituzun etengabe zure hitz eta ekintzekin! Nola erakusten diguzun zein balio ematen diozun zuk pertsonei gure gizaki mugak gaindituz. Zure gogokoenak azkenak, umilenak, bekatariak dira. Gure begiradapean txiki eta baztertuak direnak, zuretzat handienetan handi direla erakusten diguzu.
Handinahiak ez gaitzala itsutu eta sinets dezagula hain garbi helarazten diguzun mezua. Guk ere har dezagun gure bizitzetan denbora eta bihotza presta dezagun zure “handiei” begiratzeko Zuk bezala eta haien ondoan egoteko.
Hain zuzen ere, gure handinahitasunak zenbaitetan gure protagonismo beharra lehenestera bultzatzen gaitu eta ez digu aukera ematen ongia bereizteko ez badator guregandik edo gureengandik.
Jesus, emaiguzu grazia gure bizitzen erdian benetan handi direnak jartzen, honek Zuregana hurbiltzen lagunduko baitigu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments