Irailean kurtso berria hasten dugu maila guztietako ikastetxeetan eta ikasle, irakasle eta gurasoak behar dena antolatzen saiatuko dira hezkuntzaren bidean. Hezkuntzak etxetik hasi behar du eta ikastetxean osatu heziketa orokorra bitarteko. Aldi bateko hezkuntzatik gaurkora aldaketa handiak egon dira eta euretatik bat jorratuko dogu. Zein? Eta hizkuntzarena euskaldun herrietan. Hirugarren belaunaldiko askok sufrimentu fisiko eta psikiko ugari jasan behar izan dugu euskera bakarrik genekielako eta iralasleek gazteleraz bakarrik irakasten zigutelako, eta gainera zigortu euskera egiteagatik. Zigorra itxaron arren, guk lagun artean euskera egiten genuen besterik ez genekielako. Hori eskolan, baina eleizako katekesian doktrina euskeraz ikasten genuen geure kontsolazinorako. Euskal Eleizako kide askori zor diogu euskeraren alde egin dutena eta egiten dutenagatik. Eskerrak! Gaur egun, zorionez, gauzak aldatu egin dira eta hor dira, besteak beste, irakasleak euskaldunak, testu-liburuak euskeraz, hiztegiak euskera hutsean zein elebidunean, ikus-entzunezko medio moderno ugari euskeraz, eta abar luze bat. Gaur egun Euskal Autonomia Erkidego guztian irakasten da euskera eta euskeraz ereduen arabera. Lorpen hau ahalegin handiaz lortutakoa da euskeraren bizibidean. Baina ikasleen artean zenbateraino erabiltzen da euskera? Irakasleek bakarrik ezin dute euskalduntze osoa lortu. Euskeraren bizibiderako, besteak beste, hiru zutabe sendo behar dira: etxea, eskola eta herria. Dena dela, gure bidea hauxe: euskaldun izan eta euskeraz bizi! Halabiz!
0 Comments