Jainkoa “ama-aita” edo “amaita” izendatzeko arrazoi nagusia Biblian bertan dago: “Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea!” (Ir 34, 6).
Argudioaren muina ondo atzemateko, ulertu behar da esaldi hori, bere baitan oso esanguratsua eta mamitsua izateaz gain, Bibliako giltza hermeneutiko bat dela, hots, Biblia, bere osotasunean, interpretatzeko gakoetako bat.
Zergatik da hain inportantea?
- Testua Jainkoaren deskribapena da; baina, kasu honetan, deskribapena egiten duena ez da profeta bat edo beste gizaki jakintsu bat, Jainkoa bera baino.
- Deskribapen hori ez da testu isolatua Biblian, baizik eta behin eta berriro errepikatua. Bibliako liburuek, beren argudioak, azalpenak eta irakaspenak egiteko, Bibliako testuak erabiltzen dituzte, hots, bere testuetan beraietan oinarrituta argudiatzen duen liburua da Biblia. Ba, autoaipatzeko metodo horretan, gure txatala dago gehien errepikatzen direnen artean (errepikapena nola ulertzen den kontuan hartuta, gehien errepikatzen den txatala dela esan liteke).
- Ezaguna da gaur egun dugun Bibliako testua tradizio askoko bilduma dela; behin baino gehiagotan gertatzen da tradizio batean dagoen teologia edo mezua ez dagoela besteetan. Tradizio teologiko horiek elkarrekin kontrajartzea ere ez da arraroa. Ba, Ir 34, 6 txatalean Jainkoari egozten zaizkion adjektiboak, batzuetan banan-banan, beste zenbaitetan horietako bi edo hiru eta besteetan segida guztia, Bibliako tradizio teologiko guztietan agertzen dira.
- Txatala Bibliako tradiziorik zaharrenetakoari lotzen zaio; aditu batzuek diote erbestealdia baino lehenagoko garaietan fede-aitorpen bat izango zela. Edozein kasutan, errabinoen epean (edo lehenago) judu liturgian txertatuta dago.
Hortaz, ez da Bibliako beste esaldi bat besterik gabe, Biblia interpretatzeko gakoetako bat.
Eta tamaina horretako adierazpen batean agertzen da Jainkoa ama dela.
Hurrengoan azalduko dugu.
Oso interesgarria, Luzio; argumentua oso zatikatuta geratzen ari zaizu… Ikusmina sortzeko balio du, baina nago ez ote dugun aria galduko… 🙂
Gaizki ulertu ez badut, zuk iradokitzen duzuna da “Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiez eta leialtasunez betea!” esaldi horrek gaur egun Jainkoari “Ama” deitzeko oinarri sendoa emango ligukeela…
Antza denez, Jainkoari atxikitzen zaizkion adjektibo horiek, argi eta garbi, amari zegozkion ezaugarriak zirelako…
Ea, bada, ikusiko dugu. Zuhurtziaz itxaroteko arrazoien artean, bat aipatzearren: esaldia, euskaraz behintzat, marka maskulino argia duen izen batekin hasten da… Ikusiko dugu. Eskerrik asko!
Eskerrik asko, Xabier zure iruzkinengatik!
Beti zorrotza baina eraikitzailea zara zure iruzkinetan eta hori, gaur egungo sestraren kulturan, asko estimatzekoa da.
Zure iruzkinek aukera ematen didate zehaztapen pare bat egiteko.
1. “Jainkoa” deitzen duguna euskaraz izendatzearen gaiak badu bere garrantzia, baita ondorioak ere. Hasiera batean, gogoeta bat edo pare bat idaztea bururatu zitzaidan, baina berehalaxe konturatu nintzen hari askoko gai katramilatsua dela eta gogoeta-segida bat egitea merezi zuela, urte osoko segida hain zuzen. Arrazoia duzu aipatzen duzun arriskuan: argudioa (gogoeta osoaren haria) oso zatikatua geratzen da eta hilabeteko gogoeta isolatu bat baino ez bada irakurtzen haria eta zentzua lausotu daitezke. Arriskuak arrisku, pentsatu dut modu honek baduela abantailaren bat. Alde batetik gogoeta guztiek (oraindik zenbait falta dira bilduma amaitzeko) batasun bat osatzen dute; baten bat gai honetan interesatuta baldin badago, gogoeta guztiak batzeko eta irakurtzeko aukera du, guztiek batera artikuluaren antzeko zerbait osatzen baitute. Bestetik, gaian sakontzeko aukera ematen du. Horrez gain, nolabait esperimentatzen ari gara webgune honetan eta, beharbada, modu hau gogoeta egiteko beste bide bat izan daiteke.
2. Berriro ere, arrazoia duzu esapidea “Jauna” hitzarekin hasten dela nabarmentzean. Dena den, horrek ohar bat eskatzen du. Aukeratu dudan aipua da Jainkoaren adjektibo segida hori Biblian lehenen agertzen dena eta gehien iruzkindua izan dena. Testua teofania bat da, non Jainkoak bere izenaren berri ematen duen: “Jauna”. Hala ere, izen horretan ez dago inolako berritasunik, ohiko izen zaharra baita. Berritasuna (errebelatzen dena) adjektiboetan dago. Adjektibo horiek oso esanguratsuak dira eta hurrengo gogoetetan iruzkintzen joango naiz. Gauza bat aurreratu daiteke: esapidea oximoron bat da, Jauna ama dela gaztigatzen baita. Nolabait, teofania horretan Jainkoak Moisesi adierazten dio “Jauna” aipatzen denean, errealitatean, ama aipatzen dela eta, hortaz, ahaztu dezala “Jauna”tzat ulertzen duena.
Baina, zer-nolako ama? Hurrengo gogoetetan.