HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 19

Aldi hartan, herri guztietatik jendetza handia bildu zitzaion batean, Jesusek parabola hau esan zien: «Behin batean, atera zen ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta zapaldu egin zuten eta txoriek jan. Beste zenbait harri artean erori zen eta, erne orduko, ihartu egin zen, hezetasunik ez zuelako. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, harekin batera ernerik, ito egin zuten hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta erne eta bateko ehun eman zuten fruitua». Hau esanik, honela egin zuen oihu: «Entzuteko belarririk duenak entzun beza». Orduan, parabola honek zer esan nahi zuen galdetu zioten ikasleek Jesusi. Honek erantzun zien: «Zuei eman zaizue Jainkoaren erreinuaren misterioak ezagutzea; besteei, ordea, parabola bidez hitz egiten diet. Horrela, begiratzen dute, baina ikusten ez; entzuten dute, baina ulertzen ez. Hona, bada, parabolaren esanahia: Hazia Jainkoaren hitza da. Bide bazterreko hazia bezalakoak hauek dira: hitza entzuten dutenak, baina deabrua etortzen zaie eta kendu egiten die hitza beren bihotzetik, sinetsi eta salba ez daitezen. Harri arteko hazia bezalakoak hauek dira: hitza entzutean pozik hartzen dutenak; baina, sustrairik gabeak izanik, denboraldi batean sinesten dute, baina tentaldi-garaian atzera egiten dute. Sasi artean eroritako hazia bezalakoak beste hauek dira: hitza entzuten dutenak, baina bizitzako arduren, diruaren eta atseginen artean itota gelditzen dira eta ez dira iristen fruitua ematera. Lur oneko hazia bezalakoak, berriz, hauek dira: hitza bihotz onez eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez fruitua ematen dutenak».

Lukas 8, 4-15.

Lur-zoru gogorraren antzekoa da jarrera aldagaitzez aritzen dena: aldaketarik gabe, tinkoegi irauten. Zurruntze hori hainbat eragilek sortua izan daiteke: motelkeria, aurreiritziak, handiustea, izua. Horiek guztiak izaera mugatu dezakete, komenigarri den malgutasuna gutxietsiz.

Beste aldean, badira funtsik gabeko malgutasun arineko joerak, ezer tinkotzat hartzeko hauturik gabeak. Edozein berritasun bereizketarik gabe onartzen jardunez gero, sendotasunik eza dator.

Bi jarrera horiek ohiko bizitzaren kudeaketan gertatzen direnez, ageriko izatera iristen dira. Areago, dakartzaten gabeziak ere ezaugarri egiten zaizkigu.

Fedeak aldi berean iraunkortasuna eta aldaketa behar ditu, bietan aurkitzen dena lantzea. Bidean argi joanez gero, norbere izpirituak zentzuzkoa dena bilatzeari ekingo dio, gertakizunak eta besteen aholkuak kontuan hartuta. Espiritualtasun zabal batek bizierari bide arakatzailea dakarkio.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.