HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 18
Aldi hartan, herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren Berri Ona hots egiten. Berekin zituen Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik sendatua zuen zenbait emakume ere: Maria Magdalena –honengandik zazpi deabru bota zituen–, Joana –Herodesen etxezain Kusaren emaztea–, Susana eta beste asko; hauek beren ondasunez laguntzen zieten Jesusi eta honen ikasleei.
Lukas 8, 1-3.

Balioak ikusmiraz eta mailaz hornitzen du garrantzia: baliotik kanpo, garrantzirik ez. Itxuraz baliogabe dena zerrendaren behe-beheko lerroan dago eta bertan jarraitu beharko duela uste izaten da. Halako bati aukerak eman… zertarako? Oso errotuta zeuden bazterketa ohiturak aldatzeari ekin zion Jesusek, jokoz kanpo zeudenei birsortzeko deiak zabalduz: behartsuei, publikanoei, bekatariei, emakumeei…
Zerbaiten benetako balioa antzemateko harengana hurbildu behar da, naturan zein giza-pertsonetan. Zenbat ikasi duen kristautasunak baliogabetuak berreskuratzen jardundakoan!
Gaur eskaintzen zaigun kronika itxurako aipamen laburrean, hara zer balioztatze ekintza ageri den: alboratuta zebiltzan jende arruntei Jesusek, taldetxo batekin, hobetzeko urratsak sustatzea.
Ondo trebatuak izaten gara gure alde egiten, ditugun ahalmenak hazteko bidean jartzen saiatuz. Familiaren hazkuntzan laster ikasi bezala, txiki dirudienak badu ahalmena, lagunduz gero.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments