HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 17
Aldi hartan, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen. Honetan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala. Jesusen atzean, oinen ondoan, jarri zen negarrez, eta haren oinak malkoz bustitzen hasi zen; gero, ileaz xukatu eta musukatu ondoren, ukenduz gantzutu zizkion. Hau ikusirik, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: «Gizon honek, benetan profeta balitz, jakin behar luke zer-nolakoa den bera ukitzen ari den emakumea, bekataria baita». Jesusek esan zion: «Simon, badut zerbait zuri esateko». Hark erantzun: «Esazu, Maisu». «Mailegu-emaile batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion, eta besteak berrogeita hamar. Nondik ordaindu ez zutelarik, barkatu egin zien biei. Bietako zeinek izango ote du maiteen?». Simonek erantzun zion: «Gehien barkatu zaionak, nik uste». Jesusek esan zion: «Zuzen diozu». Eta, emakumeagana itzulirik, Simoni esan zion: «Ikusten al duzu emakume hau? Zuenean sartu naizenean, zuk ez didazu oinak garbitzeko urik eman; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu. Zuk ez nauzu musu emanez agurtu; hau, berriz, sartu denetik ez da gelditu nire oinei musuka. Zuk ez didazu burua olioz gantzutu; honek, berriz, oinak ukenduz gantzutu dizkit. Hau diotsut, beraz: hainbesteko maitasuna agertzen duenean, bekatu asko barkatu zaion seinale da; gutxi barkatu zaionak maitasun txikia agertzen du». Eta emakumeari esan zion:
«Barkatuak dituzu bekatuak». Beste bazkaltiarrak beren artean esaten hasi ziren: «Nor ote dugu bekatuak barkatu ere egiten dituen hau?». Baina Jesusek esan zion emakumeari: «Zeure sinesmenak salbatu zaitu. Zoaz bakean».
Lukas 7, 36-50.

Hautsez betetako lurretan ibili ostean, oinetakoak eta oinak garbitu behar izaten dira etxera iristean. Horrelako garbiketa beste norbaiti egin beharra zerbitzu-lan deseroso bezain apala da ia beti.
Ebanjelioaren pasartean lan horri ekiten dion emakumea doan ari da. Gainera, kokagune zail batetik: garbitu nahi duena jada mahaian eserita baitago. Aurreko aldetik ezin, eta atzekotik ari zaizkio oinak garbitzen. Eta, ondoren, zerbitzatutako mahaikidea musukatu. Tranparik gabe; soilik barkamena eskatuz.
Ekintza ikusi duten mahaikideak galdera bidean dira: zergatik onartu zaio emakumeari etxera baimenik gabe sartzea? Nola ez zaio baldintzarik jarri? Galderen ostean, ulermen izpiak: borondate onez eta errespetuz egin du, asmo ona zuen ekintza horretan … Zer lortu nahi ote zuen? Aurretik izandako erruen barkamena. Bigarren pertsonaiak, Jesusek, hori ahalbidetzen du, barkamen hitz eta keinuak eskainiz.
Ikusi zutenei, galdera piztu zitzaien: ba ote du baliorik barkatua izateak? Ate zabal bat irekitzea bezalakoa ote da?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments