HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 16
Aldi hartan, Jesusek esan zuen: «Zeinekin konparatuko nuke gizaldi honetako jendea? Zeinen antzekoa da? Plazan eserita dauden haurren antzekoa da, honela oihu egiten baitiete batzuek besteei: “Soinua jo dizuegu, eta zuek dantzarik ez; hiletak jo, eta zuek negarrik ez”. Izan ere, etorri da Joan Bataiatzailea, ogirik jaten eta ardorik edaten ez duela, eta deabruak hartua dagoela diozue. Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten duela, eta hau diozue: “A zer tripazaina eta mozkorra, zergalari eta bekatarien adiskidea!” Baina hura onartu dutenek arrazoi eman diote Jainkoaren jakinduriari».
Lukas 7, 31-35.

Egungo belaunaldiei sinesmenaz nabari zaien sentikortasun meharrak badu antza Jesusen garaikoen arintasunerako joerarekin. Bata zein bestea ezaugarritzeko irudipen erakargarria eskaintzen da gaurko Ebanjelioaren hasieran: “Plazan eserita dauden haurren antzekoa da, honela oihu egiten baitiete batzuek besteei: “Soinua jo dizuegu, eta zuek dantzarik ez; hiletak jo, eta zuek negarrik ez”.
Nolakoa da “txirula” hori? Zein doinu du? Bihotzean nolabaiteko durundi sentikorra eragiten duen zerbait ote da? Doinu musikal baten abiapuntuan bezala, geure sakonean zerbait pizgarria sentitzen dugunean “txirula ari da”. Adi hartuz gero, barnetasuna zabaltzen hasten da.
Giro sozialean hoztasun espirituala hedatua badago ere, badira sustraietara jotzeko eskaintza eta gonbidapenak. Erakargarritasun apalean dabiltzala dirudite. Harago, bada baliabide isil eta iraunkorra: Ebanjelioa. Albiste On horren ildo batzuek bizipen berrietara bideratzen gaituzte, eta aldatzeko deia egiten digute.
Finean, mugak zabaldu eta sakondu daitezkeela nabaritzen dugunean, “txirularen” bat ematen ari zaigu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments