HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 13
Aldi hartan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion:
«Jauna, nire senideak bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?». Jesusek erantzun zion: «Zazpi aldiz ez, baizik eta zazpitan zazpi mila aldiz. Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da zeruetako erreinuarekin. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor zion bat ekarri zioten. Eta nondik ordaindurik ez baitzuen, bera eta emaztea, seme-alabak eta zituen guztiak saltzeko agindu zuen nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadazu astia eta dena ordainduko dizut”. Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen morroia. Baina morroi hark berak, atera orduko, diru apur bat zor zion bere morroi-lagunarekin topo egin zuen, eta, lepotik heldu eta ito beharrean, esan zion: “Ordain iezadak zor didaana”. Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadak astia eta dena ordainduko diat”. Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte. Beste morroiak, gertatua ikusirik, biziro atsekabetu ziren, eta nagusiagana joan eta gertatuaren berri eman zioten. Orduan, nagusiak morroiari deitueta esan zion: “Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, eskatu didaalako; ez al zen bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errukitzea, ni hitaz errukitu nintzen bezala?” Eta nagusiak, haserre bizian, borreroen esku utzi zuen, zorguztia ordaindu arte. Zuei ere gauza bera egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue».
Mateo 18, 21-35.

Jainkoak bere antzera sortu gintuen, gure artean neba-arreben harremanak izan genitzan eta horrela gure Gurasoa izateko. Proposamen hori egin zigun eta gizakiok, uko egin genion, gaitzetsi egin genuen Jainkoa eta, bera bezalakoak ez, beste jainko batzuk izan nahi izan genuen.
Jainkoak, ordea, baztertu dugun arren, bere hitzari eusten dio eta beste aukera bat ematen digu, ez zazpi aldiz –beti Bibliaren hizkeran– ezpada zazpitan zazpi mila aldiz –beti, beti, beti, alegia–, guretzat duen proiektua gauzatu arte.
Gure Guraso onak, dena den, ez du ezer egin nahi guk ona parte hartzen ez badugu. Horregatik oihuka dabil historian zehar, bera bezala baztertu ditugun neba-arrebetan (injustizia, indarkeria, intolerantzia eta indiferentzia sufritzen dituztenetan, gu baino bekatariagotzat ditugunetan, guekiko desberdinak direnetan…). Jainkoaren proiektua onartu eta bertan parte hartzeko modua horixe da: baztertutako horiengana jo eta Jesusek dioena egitea. Emaguzu horretarako indarra, Jauna. Eta beste aukera bat ere bai, huts egiten dugun bakoitzean.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments