HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 11
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Izan ote daiteke itsua itsuaren gidari? Ez ote dira biak zulora eroriko? Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ondo eskolaturiko ikaslea bere irakaslea adinakoa izango da. Nolatan ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko habeaz ohartzen ez? Nolatan esan diezaiokezu senideari: “Adiskide, uztazu begian duzun lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean duzun habea ikusten ez duzula? Itxurazalea halakoa! Atera lehenik zeure begitik habea, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko».
Lukas 6, 39-42.

Gaurko testuan agertzen diren gauzak begi bistakoak direla iruditzen zaigu sarri askotan: Nola gidatuko du inor itsu batek? Nola argituko diozu bista beste bati, zuk zeuk txarrago ikusten baduzu? Baina ondo pentsatuz gero, gehienoi gertatzen zaizkigun gauzak izan daitezke,,, eta gu ez gara konturatzen.
Sarri askotan Jainkoaren proiektua, Jainkoaren nahia eta gure interesak nahasten ditugu: Gure bizimoduan eta gure inguruan ontzat ematen ditugun gauzak zuzentzat ematen ditugu besterik gabe, hainbat aldiz Jesusen proposamenekin bat ez badatoz ere. Jesusen gauzak erradikalegiak direla iruditzen zaigu, ez direla errealistak, alegia. Orduan haien ordez gure interesak jartzen ditugu irizpidetzat, konturatu gabe. Eta gainerakoak gaitzetsi egiten ditugu, bestela jokatzen dutelako.
Emadazu, Jauna, apaltasuna, nire akatsak ikusi eta zugandik ikasi ahal izateko. Eta eman errespetua, nori bere egoeran eta dagokion moduan deitzen diguzula jakinda, inor ez gaitzesteko eta gainerakoengandik ere ikasteko. Horrela zure antzekoagoa izaten saiatuko naiz, zure mailara inoiz helduko ez naizela badakit ere.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments