HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 10
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Hau diotsuet zuei, entzuleoi: Maita itzazue zeuen etsaiak, egin on gorroto dizuetenei, bedeinkatu madarikatzen zaituztetenak, egin otoitz izen ona kentzen dizuetenen alde. Masail batean jotzen zaituenari eskaini bestea ere; soingainekoa kentzen dizunari ez ukatu jantzia ere. Eskatzen dizun edonori eman, eta zeurea kentzen dizunari ez itzularazi. Eta besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei. Maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak. Eta on egiten dizuetenei bakarrik egiten badiezue on, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere egiten dute beste horrenbeste. Eta ordaina hartzekotan bakarrik ematen baduzue maileguz, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere aurreratu ohi diote elkarri, dagokiena hartzekotan. Ez! Zuek maitatu etsaiak, egin on eta eman maileguz, ordainari begiratu gabe; handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zarete, ona baita hura esker txarrekoentzat eta gaiztoentzat. Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala. Ez gaitzetsi inor, eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu, eta ez zaituzte kondenatuko; barkatu, eta barkatuko dizue; eman, eta emango dizue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak».
Lukas 6, 27-38.

Gaurko testuan gauza zailegiak proposatzen zaizkigula esango genuke gehienok, naturalki sortzen zaizkigunen kontrakoak, alegia. Ez al daki Jainkoak hori guztia guretzat ezinezkoa dela? Ez al daki historia osoan zehar bakarrik Jesusek egin ahal izan zuela hori?
Bada, Jainkoak sortu gintuenean horrexetarako sortu gintuen, horrelaxe bizi gintezen… Eta gizakiok uko egin genion Jainkoaren proposamenari: Jainkoa bezalakoak izan beharrean, beste jainko batzuk izan nahi izan dugu. Eta, hala ere, bere hitzari, bere promesari, guretzat duen proiektuari eutsi dio. Jesusen bidez, orain arte ez geneuzkan aukerak dauzkagu. Jesusi jarraituz, Jainkoak nahi duen bezala bizitzea (eta zoriontsuagoak izatea) lortu ahal dugu. Jesusek gure lekuan zer egingo lukeen erabaki –erabakitzeko lana, egia da, inork ez digu kenduko, askatasuna kenduko ez diguten bezala– eta huraxe eginez, Jainkoaren proiektuan parte hartuko dugu.
Zure proiektuan parte hartu nahi dut, Jauna, Emadazu argia, bide zuzena zein den asmatzeko. Eta emadazu indarra, bide horretan aurrera egiteko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments