HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 9

Aldi hartan, Jesusek, ikasleei begira, esan zien: «Zorionekoak behartsuok, zuena baita Jainkoaren erreinua. Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzaituzte Jainkoak. Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue. Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela-eta jendeak gorrotatu, beren artetik bota eta madarikatuko zaituztetenean eta izen txarra emango dizuetenean. Alaitu zaitezte egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango baita zuen saria zeruan; gauza bera egin zieten profetei jende horren gurasoek. Baina ai zuek, aberatsok, hartu baituzue zeuen poza! Ai zuek, orain aseak zaudetenok, gose izango baitzarete! Ai zuek, orain barre egiten duzuenok, aiene eta negar egingo baituzue! Ai zuek, mundu guztiak zuetaz ondo hitz egingo duenean, gauza bera egin baitzieten sasiprofetei jende horren gurasoek!».

Lukas 6, 20-26.

Jesusek bizitza eta bizia eman zituen Jainkoaren erregetza iragartzen. Injustizia, indarkeria eta zapalkuntza nagusi ziren garaian eta gizartean, Jesusek beste mezu hau ematen zuen: “Garaia heldu da, azkenean Jainkoak esku hartuko du historian eta gauzak berak nahi dituen bezala joango dira: Justizia, maitasuna, denen duintasun berbera… Azkenean gu neba-arrebak izan ahalko gara eta Jainkoa gure gurasoa izan ahalko da, hasieratik hitz eman zigun bezala”. Testuinguru honetan interpretatu behar dugu, nire ustez, gaurko testua.

Jesusen berri onaren arabera gauzak aldatuko dira, hau da, injustizia, indarkeria, zapalkuntza eta gizakien arteko desberdintasunak amaituko dira eta beste mundu bat jaioko da. Hau guztia, bazterturik eta zapaldurik bizi direnentzat, berri ona da, zalantzarik gabe. Gehienen sufrimenduaz pribilejioak dituztenei, ordea, pribilejio horiek bukatuko zaizkie, jakina; gezurra badirudi ere, historiaren alderdi okerra aukeratu dute.

Jakin dezagula, Jauna, neba-arrebak izaten, zure proiektua onartzen, horrela gure Aita-Ama izan zaitezen.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.